Itxi

Gaur

Bilbao Arteko sormen-joera berriak hizpide, 'EiTB Kultura' saioan

A.A.

EiTB

Zentroan lanean diharduten zenbait artistaren lana erakutsiko dute aurten, eta iaz beka jaso zuen Mika Murakamiren erakusketa bisitatuko dute.

Bilbao Arte ekoizpen artistikorako zentroaren lana izango du aztergai aste honetako 'EiTB Kultura-Transit' saioak. Sortzaile gazteen lantegia da, euren egitasmoak garatzeko bitarteko eta azpiegiturak eskura jartzen dituena. Aldi berean, sormen-joera berrien erakusleihoa ere bada.

Bilbao Arte Fundazioak proiektu artistikoak garatzeko eman ohi dituen bekei esker, aurten 29 egitasmo garatu ahal izango dira. Artista horietako batzuekin, euskaldunak zein kanpotarrak, mintzatuko dira. Halaber, iaz beka jaso zuen Mika Murakami artista japoniarraren erakusketa bisitatuko dute.

Asteko zinema-estreinaldien artean, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak nabarmenduko du EiTBko kultur leihoak. Han eta hemen izango diren ikuskizun eta kontzertuen errepasoa egiteaz gain, Fito & Fitipaldis eta Tweedyren lan berriak eta euskal musikariek Lou Reedi egingo dioten omenaldia aipatuko dituzte.

Azkenik, ETB1eko emanaldian Jon Garañoren Urrezko eraztuna film laburra eskainiko da.

'EiTB Kultura-Transit' saioak gaur gauean du asteko lehen emanaldia ETB1en zein ETB2n. Bigarrena, berriz, ostiralean, 15:00etan, eta larunbatean, 12:30ean, ETB1en, eta larunbatean, 10:15ean, ETB2n. EiTB Nahieranen ere eskura dago.

Informazio gehiago (1)