Aste honetan
Sao Pauloko Bienalera joandako euskal artisten lana, 'EiTB Kultura'n
A.H.
EITB
Revolta Permanent taldearen bilakaeraren lekuko ere izango da ETBko saioa, euren lan berriaren eskutik.
Sao Pauloko Bienalera joandako Asier Mendizabal eta Juan Perez Agirregoiko artista euskaldunekin izango da 'EiTB Kultura' saioa, aste honetan. Euskal artearen historiarekin lotura estua duten artelanak eraman dituzte bertara, eta kritika oso onak jaso dituzte. Asier Mendizabalen eskulturak Jorge Oteizak 1960ean Cesar Vallejo poeta perutarrari egindako monumentuan oinarrituta daude. Juan Perez Agirregoikoak, bere aldetik, Pier Paolo Pasolinik 1964an zuzendu zuen El evangelio según San Mateo filmean oinarritutako pelikula bat aurkeztu du, Sao Paoloko inguruetan grabatutakoa.
Bestalde, Revolta Permanent taldearen lan berria ezagutuko dute, Géminis, euren bilakaeraren adierazgarri dena. Aro berri honetan, Iker Villak eta Iker Aginagak Mikel Becerra gitarra-jotzailea eta Aitor Abio Gauako ekoizlea dituzte bidelagun. Talde berriak jarraitzaileen ikusmina piztu du, eta 30 kontzertu aurreikusi dituzte disko berria aurkezteko.
Gazteako Joseina Etxeberriak Hesian taldearen disko berria aurkeztuko du, eta asteko zinema-estreinaldi eta ikuskizunen errepasoa ere egingo dute.
Amaitzeko, ETB1eko emanaldian Borja Cobeagaren Democracia film laburra izango da ikusgai.
'EiTB Kultura-Transit' gaur gauean emitituko da, ETB1en eta ETB2n, eta ostiralean ETB1en errepikatuko da, 15:00etatik aurrera.