Itxi

Gaur, ETB1en eta ETB2n

Berri Txarrak taldearen disko berria, 'EiTB Kultura-Transit' saioan

A.H.

EITB

Taldeak Denbora da poligrafo bakarra disko hirukoitza publikatuko du bere hogeigarren urteurrenean.

Berri Txarrak taldearen Denbora da poligrafo bakarra disko hirukoitzaren aurrerapena dakarkigu 'EiTB Kultura-Transit' saioak aste honetan. Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirre musikariekin mintzatuko dira euren proiektu berriaz, eta 'Zerbait asmatuko dugu' lehenengo singlearen entseguak erakutsiko dituzte.

Gainera, Ricky Falkner produktorearekin arituko dira. Taldeak Los Angelesen, Madrilen eta Coloradon grabatu dituen hiru diskoen produktoreetako bat izan da Falkner, Ross Robinsonekin eta Bill Stevensonekin batera. Erronka handia izan da disko hirukoitza argitaratzea taldearen hogeigarren urteurrena ospatzeko.

Proiektu berri honek ikusmin handia piztu du Berri Txarrak taldearen publikoaren artean, eta aurkezpen bira abiatuko du urtarrilean. Hogeita hamar bat hitzordu itxi dituzte, eta kontzertuetarako hainbat sarrera saldu dituzte.

'EiTB Kultura-Transit' gaur gauean izango da ikusgai, ETB1en eta ETB2n, eta ostiralean errepikatuko dute, 15:00etatik aurrera, ETB1en.

Informazio gehiago (1)