ETB1en eta ETB2n
Pablo Berastegui, DSS 2016ko zuzendaria, gaurko 'EiTB Kultura' saioan
EITB
Donostia Europako kultur hiriburu izateko urtebete falta denean, zuzendariak proiektua aurkeztuko du ETB1en eta ETB2n.
Donostia Europako kultur hiriburu izateko urtebete falta denean, Pablo Berastegui zuzendariak proiektua aurkeztuko du 'EiTB Kultura Transit' saioan, ETB1en eta ETB2n. Berasteguik duela ehun egun hartu zuen polemikak astindutako proiektu honen gidaritza, eta hiriburutza elkarbizitza hobetzeko eta hausnarketarako balioko duela azalduko du, eta hirira ekimen ugari ekarriko dituela. Zuzendariaren hitzetan, herritarren parte-hartzea eta hiriko eragileen arteko elkarlana dira proiektu kultural honen gakoak.
Aste honetako 'EiTB Kultura' saioak, gainera, hainbat berrikuntza aurreratuko ditu. Zineman, estreinaldiei dagokienez, La teoría del todo Stephen Hawking astrofisikoaren inguruko filma nabarmenduko dute, eta musikaren alorrean, Euskadi Irratiko 'Portobello' saioan aurkezle lanetan dabilen Asier Leoz adituak Belle & Sebastian taldearen azkeneko diskoa aukeratuko du.
ETB1eko emanaldian, Ander Mendiaren Beerburg animazio film laburra izango da ikusgai.
'EiTB Kultura Transit' gaur izango da ikusgai, ETB1en eta ETB2n.