ETB1en eta ETB2n
Gor disketxearen 25. urteurrena, gaur gauean, 'EiTB Kultura'n
A.H. 1 EITB
Horrez gain, Europa Transit ekimenaren barruan eskainiko den hurrengo dokumentala hartuko dute ardatz, In Dialogue, Ipar Irlandako gatazkaren inguruan.
Gor diskoetxe nafarraren 25. urteurrenaren ospakizunekin bat eginez, musika izango du hizpide gaurko 'EiTB Kultura Transit' saioak. 1991.ean Goñi anaiek martxan jarri zuten musika zigiluaren historiaz, gaur egungo egoeraz eta etorkizunaz mintzatuko da Patxi Goñi, diskoetxearen fundatzaileetako bat. Gorrekin lan egin duten zenbait talderen testigantza ere jasoko du: Berri Txarrakeko Gorka Urbizurena, diskoetxeak kaleratutako lehen diskoaren musika taldearena, Los del Rayorena, Leihotikanena, baita Altxatu gazteena ere. Larunbatean Iruñeko Zentral aretoan ospatuko du diskoetxeak 'Gor gaua' urtebetetze-festa.
'Europa Transit' Donostia 2016ko proiektu ibiltariak bigarren fruitua eman du, Ipar Irlandako gatazkaren inguruko dokumental bat: In Dialogue. Filma Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztuko da larunbatean eta laster Euskal Telebistan izango da ikusgai (apirilaren 28an, ETB1en, eta maiatzaren 12an, ETB2n). 'EiTB Kultura Transit'ek gaiaren inguruko datu guztiak emango ditu.
Iraia Oiartzabal izango da, bestalde, Sortzailea atalaren ardatza. Diseinatzaileak goi joskintzako piezak sortzen ditu: andregaientzako soinekoak, dantza ikuskizunetarako arropak; eta orain, Komorebi marka berriarekin, motorzaleentzako jantziak eta osagarriak.
'EiTB Kultura Transit' ostegun gauetan izaten da ikusgai ETB1en eta ETB2n.