ETB1en eta ETB2n
Arte forma berriez arituko dira gaur gauean 'EiTB Kultura' saioan
A.E.|EiTB
Arte forma berrien ildoan, World Puppet Festival-ari ere jarriko dio arreta saioak.
Arte forma berriak erakutsiko ditu gaur gauean 'EiTB Kultura Transit' saioak. Bilboko Azkuna zentroak antolatutako Prototipoak topaketaren lehen edizioak artea sortzeko, eragiteko eta zabaltzeko modu berriak plazaratu nahi izan ditu, eta Bilbora begira jarri ditu bertako eta kanpoko artistak. Elkarlanean, euren gorputzaz, soinuaren lanketaz edo euskal tradizioari ateratako argazkiaz, begirada ezberdin batekin gerturatu dira sorkuntzara. Artea hiritarrei gerturatzeko pausoak ere eman ditu topaketak, horiek aztertu eta aurrera begira dituen erronkak izango ditu mintzagai erreportajeak, Prototipoak-en parte hartu duten zenbait artista eta komisarioren laguntzaz.
World Puppet Festival, lau urtean behin egiten den Txotxongiloen Mundu Jaialdia, Donostian eta Tolosan dugu egunotan. Donostia 2016ren barnean antzerki-arte honen egilerik onenak eta berritzaileenak ezagutzen ari gara. Horietako batzuekin hitz egin du 'EiTB Kultura'k.
Eta autoedizioaren mundura hurbilduko da aste honetan Sortzaileak atala, Guillotina proiektuaren bitartez. Donostian jaioa, autoedizioan lanean ari diren ilustratzaile eta sortzaile ezberdinen lanak biltzen dituen topagunea da, hain zuzen. Kanpoko laguntzarik gabe beren lana autofinantziatzen duten pertsona eta kolektiboen orotariko lanak izan dituzte azokan ikusgai: fanzineak, aldizkariak, laminak, txapak, kamisetak, diskoak...
'EiTB Kultura' ostegunetan izaten da ikusgai 00:00etan ETB1en eta 01:00etan ETB2n.
ETB2n.