Itxi

ETB1 eta ETB2n

Tabakalerako Sortzaileen gunean izango da 'EiTB Kultura' saioa

A.E.|EiTB

Leer en Castellano

Dekot Gaztea Maketa Lehiaketako irabazleari buruzko erreportajea eskainiko du saioak.

Tabakalerako Sortzaileen gunean murgilduko da gaur gauean 'EiTB Kultura Transit', bertan lanean diharduten artisten eskutik. Sara Bessadi paristarra Animal spirit proiektua garatzen ari da; Gerard Ortín katalana, berriz, bere lehen film luzea izango denaren muntaia fasean. Proiektu bakoitzaren beharrei erantzuna eman dieten baliabideak topatu dituzte biek bertan, espazioak lagatzeko deialdiari esker. Ibon Salvador eta Karlos Martinez artistak, bestalde, Saharako Ahmed Omar eta Nasra Sidi sortzaileekin ari dira elkarlanean, 'Hondar artean' egonaldi programaren barruan.

Jone San Martin dantzari eta koreografoarengana ere hurbilduko da 'EiTB Kultura' saioa, bere esku baitago hilabeteotan Donostia 2016ko Karta Zuriak proiektua. Jonek antzeztu berri du Legitimo-Rezo performancea, eta beste lau ikuskizun prestatzen ari da. Dantza, bertsolaritza, soinua eta mugimendua nahasten ditu horietako batean, beste zenbait artistarekin elkarlanean.

Eta Dekot, aurtengo Gaztea Maketa Lehiaketaren irabazlea, aurkeztuko digu Sortzaileak atalak. Maruri Jatabeko (Bizkaia) laukotearen doinuak indie edo rock alternatiboaren munduan murgiltzen dira. Lau abestiz osatutako EP bat kaleratu berri dute, eta kontzertuak eskaintzeko gogo biziz datoz Ibai, Ane, Ibon eta Janire.

'EiTB Kultura' ostegun gauetan izaten da ikusgai ETB1en eta ETB2n.

Informazio gehiago (1)