Gaur, ETB1en eta ETB2n
Haatik konpainiaren hormetako mezuak, 'EiTB Kultura Transit' saioan
EITB
Gainera, Sortzaileak atalak Miriam Isasi artistaren lana ezagutuko du gertutik.
Haatik dantza konpainiaren Hormek diote. On Stage lanari buruz arituko dira gaur 'EiTB Kultura Transit' saioan. Bestetik, Miriam Isasi artistaren lana ere emango dute ezagutzera.
Hormak gure eguneroko bizitzaren lekuko dira, gure gizartearen metaforak. Donostia 2016 ekimenak 'Hormek diote' proiektua jarri zuen martxan, eta hormek esan dezaketena oinarri hartuz, bost mural margotu zituzten eta kalean bost koreografia egin zituzten. Haatik konpainiak sormen lan horiek bildu eta eszenatoki gainera eraman du ekimena, elkarbizitzaren inguruko hausnarketa proposatzen duen Hormek diote. On Stage ikuskizunean. Lasarten estreinatu aurretik, ikuskizunaren entsegura joango da ETBko saioa, eta Aiert Beobide zuzendari eta koreografoarekin eta haren taldekideekin arituko da.
Bestalde, Sortzaileak atalak Miriam Isasi euskal artistaren lana aurkeztuko du. Antropologia, historia, memoria eta aktibismoa hizpide hartzen ditu Isasik bere lanetan, eta tonu ironikoa eta gizarte kritika gogorrean oinarrituz egiten ditu instalazioak. 'Doppler Eco Tac' bere azkeneko erakusketa, ordea, bizipen pertsonal batean dago oinarrituta: gaixotasuna. Erresonantzia magnetiko baten soinuak hartu ditu ardatz ondoren orkestra batek joko duen melodia osatzeko. Erakusketa Gasteizko Montehermoson izango da ikusgai maiatzak 14ra arte.
'EiTB Kultura Transit' ostegunetan izaten da ikusgai ETB1en eta ETB2n.