Kargatzen...
Itxi

ETB1en eta ETB2n

Telmo Esnalen 'Dantza' film berriaz, gaur, 'EiTB Kultura Transit' saioan

EITB

Leer en Castellano

Gainera, Sortzaileak atalak Piko Zulueta argazkilariaren lana ezagutuko du.

Gaurko 'EiTB Kultura Transit' saioak Telmo Esnal zinemagilearen film berria ezagutuko du. Dantza da proiektuaren izena, eta Euskal Herriaren historiaren errepasoa egingo du, dantza tradizionala ardatz hartuta. Denboraz kanpoko istorio zikliko bat da, ez du toki eta garai zehatzen erreferentziarik, eta sinbologiaz beterik dago. Koldobika Jauregi eskultorearen eta Juan Antonio Urbeltz koreografo eta ikertzailearen laguntza izaten ari da filmatzeko lanean, eta datorren urtean estreinatzeko asmoa du.

Gaztetan dantzari izandakoa da Esnal, eta proiektu honetan bere bi zaletasunik handienak batu ditu: dantza eta zinema. Berrehun dantzarik baino gehiagok hartuko dute parte film honetan, Argia konpainiakoak gehienak.

Bestalde, Piko Zulueta argazkilaria izango da aste honetako Sortzaileak ataleko protagonista. Zulueta argazkilaritza irakaslea da Gasteizko Arte eta Ofizio Eskolan, eta bere lan artistikoa argazkilaritza estenopeikoaren arloan landu du gehienbat. Berak sortzen ditu kamerak, beharren arabera forma eta material ezberdinak erabilita.

Time in a can, Liburu edo Baga itsasoa (La mar de fondo) proiektuetarako egindako argazkiak ikusiko ditu saioak, baita proiektu berrietarako kanpadenda batekin eraikitzen ari den kamera estenopeiko erraldoia ere. Bere esanetan, kamerak pizten dio sortzeko grina, argazkia bera bigarren mailan gelditzen delarik.

'EiTB Kultura Transit' ostegunetan izaten da ikusgai ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en.

Informazio gehiago (1)