ETB1en eta ETB2n
Fermin Muguruza, gaurko protagonista, 'EiTB Kultura Transit'en
EITB
Horrez gain, Sortzaileak atalean Maite Rosende ilustratzailearen lana ezagutuko dute.
Gaurko 'EiTB Kultura Transit' saioak Fermin Muguruzaren lan egun bat biziko du Bartzelonan. Black is beltza proiektuaren parte den animazio pelikula baterako soinu banda grabatu berri du musikariak, Fabra i Coats sormen fabrikan, eta berarekin izango dira bertan. Gainera, Donostian Adarra Saria jaso ondoren eskaini zuen kontzertuaren entseguetan egongo dira. Kontzertu honetarako gainera, emakume talde berri bat sortu da: Micaela Chalmeta Big Band.
Fermin Muguruzak Donostia Kulturaren saria jasotzeko arrazoiak argi ikusiko dira erreportaje honetan: kanpoko musika eta erritmoak gure kulturan, euskaraz, integratzeko duen gaitasuna alde batetik, eta nazioarteko artistekin egindako kolaborazioak eta publiko gaztearekin konektatzeko gaitasuna, bestetik. Bere nortasun musikalaren hainbat gai jorratuko ditu Ferminek aste honetako 'EiTB Kultura Transit' saioan.
Bestalde, Maite Rosende margolari eta ilustratzaile donostiarra izango da aste honetako Sortzaileak atalaren protagonista. Ilustrazioa lantzeaz gain, kartelgintzan ere aritzen da. Besteak beste, Donostia Zinemaldiko kartelak egin ditu hiru urtez jarraian (2015, 2016, 2017)m hurrenez hurren Horizontes Latinos, Zabaltegi eta Perlak sailetarako. Bere estudioan izan dira, eta orri zuriari beldurrik ez dion margolari honen sorkuntza prozesua bertatik bertara jarraitu dute.
'EiTB Kultura Transit' ostegun gauetan izaten da ikusgai ETB1en eta ETB2n.