ETB1en eta ETB2n
Marie de Jongh eta Hika Teatroa antzerki konpainiak, gaur gauean, 'EiTB Kultura'n
A.A.|EiTB
Horien azken lanak ezagutuko dituzte: 'Izar' eta 'Txarriboda'.
Antzerkia izango du ardatz aste honetako 'EiTB Kultura Transit' saioak. Lehenik eta behin, Marie de Jongh konpainiaren azken lana ezagutuko dute: Izar. Sei urteko neskatila da Izar, piano-jotzaile aparta. Bat-batean, bestelako patu bati egin beharko dio aurre. 2008an sortu zen taldea erreferente da familia osoari zuzendutako antzerkigintzan. Max saria irabazi zuen Amour izeneko lan arrakastatsuarekin.
Sortzaileak atalean, antzerki estreinaldi baten entsegu orokorrean sartuko dira, Kepa Errasti aktorearekin eta Agurtzane Intxaurraga zuzendariarekin hitz egiteko. Hika Teatroak 29 urte daramatza euskal antzokietan euren lanak taularatzen, eta kabaret formako ikuskizuna estreinatuko du urtarrilaren 20an, Errenteriako Niessen antzokian.
Mireia eta Imanolen ezkontza egunean girotuta, festa honek irudikatzen duen itxurakeria eta hipokrisia erakusten du obrak, beste festa jendetsu batekin alderatuta, txarribodarekin. Izan ere, protagonisten esanetan, antzekotasun handiak daude txarriboda baten eta ezkontza baten artean.
'EiTB Kultura Transit' saioa 00:35ean izango da ikusgai ETB1en eta 00:40an ETB2n, ostegunean.