Gaur ETB1en eta ETB2n
Musika eta zinema uztartuko ditu gaur gauean 'EiTB Kultura Transit' saioak
EITB
Drama FX efektu berezien enpresarekin eta Tenpora musika taldearekin arituko dira.
Aste honetako 'EiTB Kultura Transit' saioak musika eta zinema hartuko ditu hizpide. Hasteko, Drama FX efektu berezien euskal enpresa ezagutuko dute. Jon Garaño eta Aitor Arregi zinegileen Handia pelikulako efektuen arduradunak izan dira eta Goya sarietarako izendapena lortu dute. Aste honetako saioak efektu berezien atzean ezkutatzen diren teknikak ezagutuko ditu.
Zinematik musikaren mundura egingo du salto 'EiTB Kultura Transit' saioak Tenpora taldea ezagutzeko. Hasier Oleaga (Bateria), Itsaso Etxebeste (Baxua), Beñat Barandiaran (Gitarra), Juantxo Zeberio (Teklatuak) eta Elene Arandiak (Ahotsa) 2013an sortu zuten taldea eta 2015ean argitaratu zuten Mundu berria izeneko lehenengo diskoa. Taldearen bigarren lana kaleratu berri dute orain, Itzulika. Popa eta jazzaren artean kokatzen diren doinuak eta Karlos Linazasoro eta Harkaitz Cano idazleek sortutako letrak entzungo ditugu taldearen kantuetan.
'EiTB Kultura Transit' ostegun gauean izaten da ikusgai ETB1en eta ETB2n.
ETB2n.