ETB1en eta ETB2n
Kulunka konpainiaren azken lana, gaur gauean, 'EiTB Kultura Transit'en
EITB
Gainera, Tooth taldearen azken diskoa eta Olatz Beobideren kultur gomendioak ezagutuko dituzte.
Gaur gauean, 'EiTB Kultura Transit' saioan, Max sarietan izendatuta dagoen Kulunka Konpainiaren maskaren antzerkia, Tooth hirukote gernikarraren post-hardcore musika eta Olatz Beobide aktorearen kultur gomendioak hartuko dituzte hizpide.
Kulunka antzerki konpainiaren azken lana da Solitudes, maskarekin antzezten dute eta aurtengo Max sarietan antzezlan onenaren saria jasotzeko izendatu dute. Halaber, beste bi lanekin ere dabiltza biran, tartean André eta Dorine mundu osoan zehar erakutsi duten lan arrakastatsuarekin. Kulunka konpainiako kideekin hizketan izango da aste honetako 'EiTB Kultura Transit'.
Tooth post-hardcore-a egiten duen hirukote gernikarrarekin ere egongo da saioa. Bigarren lan luzea kaleratu berritan, _amaierarik ez… diskoa aurkezteko kontzertu bira prestatzen harrapatu dituzte Iparragirre Rock kontzertu aretoan. Autogestioa oinarri duen musika elkarte honen parte izateaz gain, ekimenaren sortzaileak ere badira. Nola sortu zuten eta nola antolatzen diren kontatu digute.
Olatz Beobide aktoreak Donostiako San Telmo museoan emango digu bere kultur proposamenen berri. Antzerkizale amorratu honek Ander Lipusek zuzendutako Zazpi senideko eta Maria Goiricelayaren Ponme tu historia aquí, Macorina proposatuko ditu, besteak beste. Mikel Laboa ez da falta bere musika erreferentzien artean, eta, zinemari dagokionez, gai sozialak lantzen dituzten bi film gomendatuko ditu.
'EiTB Kultura Transit' ostegun gauetan izaten da ikusgai ETB1en eta ETB2n.