Itxi

Gaur, ETB1en eta ETB2n

Oriako paduran nabigatuko du 'EiTB Kultura Transit'ek 'Oreina' filmaren taldearekin

EITB

Leer en Castellano

Saioa, gainera, Judith Argomaniz dantzari eta koreografoarekin izango da eta Maider Segurolaren kultur proposamenak eskainiko ditu.

'EiTB Kultura Transit'

Oriako paduran zehar nabigatuko du 'EiTB Kultura Transit' saioak Oreina filmeko taldearekin; izan ere, bertan bizi dira Koldo Almandozen fikziozko lehen film honetako pertsonaia nagusiak. Zinemaldian aurkeztu eta estreinatzear dago pelikula. Zuzendariarekin batera, Patxi Bisquert, Laula Ahmed, Erika Olaizola eta Iraia Elias aktoreek aurkeztuko dizkigute istorioaren nondik norakoak. Patxi Bisquertek eta Ramon Agirrek elkarri berbarik egiten ez dioten anaiak dira, eta bien arteko lotura Khalil gaztea izango da.

Bestalde, Judith Argomaniz dantza garaikideko dantzari eta koreografoarekin arituko dira. Lasala konpainia sortu zuen 2013an. Ordutik, hamaika ikuskizun plazaratu eta beste hainbeste sari jaso dituzte. 2016an iritsi zen antzokiko lehen pieza handia, Now, eta urtebete geroago, Microclimate. Irailean, berriz, estreinaldi garrantzitsu bat du esku artean: Luz.

Amaitzeko, Maider Segurola kazetariaren kultur proposamenak aztertuko dituzte Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian. Handik hartzen ditu, uda hasieratik, Amélie Nothomben liburuak. Egile belgikarraren lanez gain, Virginie Despentes-en Vernon Subutex trilogia ere gomendatu du. Musikaren alorrean, bestalde, Marika Hackman eta Fauve kolektiboa aipatu ditu, eta ikus-entzunezkoetan, Serial podcasta.

'EiTB Kultura Transit' ostegun gauetan izaten da ikusgai ETB1en eta ETB2n.

Informazio gehiago (1)