ETB1en eta ETB2n
Javier Agirre argazki zuzendaria, gaur gauean, 'EiTB Kultura Transit' saioan
EITB
Horrez gain, Onintza Enbeitaren gomendioak eta Broken Brothers Brass Band musika taldea ere ezagutuko dituzte.
Javier Agirre argazki zuzendaria, Onintza Enbeita bertsolaria eta Broken Brothers Brass Band musika taldea gerturatuko dizkigu gaur gauean 'EiTB Kultura Transit' saioak.
Azken urteotan euskal zinemagintzan zeresan gehien eman duten filmen argazkien ardura izan du Javier Agirrek. Besteak beste, Handia, Loreak, Dantza, Oreina, Aupa Etxebeste eta Amama pelikulen atzean egon da. Ventajas de viajar en tren Aritz Morenoren lehen film luzean ari da orain lanean, eta bertara egin diote bisita bere lana gertutik ezagutzeko asmoz. Argiztapenak eta planoek sentsazioak eragiteko duten ahalmenaz eta ikusezin izateaz mintzatuko dira autodidakta honekin.
Onintza Enbeitaren kuttunak
Hitzak dira Onintza Enbeitaren unibertsoa. Muxikarrak herriko liburutegian hitz egingo du bere kuttunez, eta liburuak dira nagusi; La soledad de los números primos, Groucho eta ni eta Kapital publikoa, besteak beste.
Hitzei erreparatzen die, baita musikan ere; Anariren Zure aurrekari penalak eta Bebo Valdes eta Cigala artistek elkarlanean kaleratutako Lágrimas negras, horren adibide. Filmetan, dokumental bat: Debekatuta dago oroitzea.
Broken Brothers Brass Band
Broken Brothers Brass Band taldeko lagunekin elkartu dira, baina ez New Orleansen, Iruñean baizik. Musika beltza oinarri, jazza eta soula funk, rap, trap, ska eta beste hamaika soinurekin nahasten dituzte.
Ion Celestino da taldearen zuzendari eta sortzaileetako bat. Berak kontatuko du taldearen eboluzioa nolakoa izan den, zeri kantatzen dioten eta zein beharrezkoa den tokian tokiko musika bertako errealitatean sustraitzea, New Orleans hiriko kaleetatik begirik kendu gabe.
'EiTB Kultura Transit' ostegun gauetan izaten da ikusgai ETB1en eta ETB2n, eta baita eitb.eus-en ere.