Kargatzen...
Itxi

ETB1en eta ETB2n

Irungo Gordailura bisitan joango da 'EiTB Kultura Transit' saioa gaur gauean

EiTB

Leer en Castellano

Horrez gain, Maite Larburu abeslari eta musikariaren kultur proposamenak jasoko dituzte eta Gernikako Lekuek Festibalaren berri emango dute.

'EiTB Kultura Transit' saioa

Milaka arkeologia eta etnografia pieza eta artelan gordetzen dituen Gordailua bisitatuko du gaur gauean 'EiTB Kultura Transit' saioak. Irunen dagoen 9.000 metro koadroko eraikinean Gipuzkoako ondare bildumak gordetzen dira, baita San Telmo Museoan erakusgai ez dauden piezak eta beste zentro batzuetatik eramandakoak. Besteak beste, Nestor Basterretxearen artelanak, Chillidaren lanak eta duela lau mendeko itsas altxorrak topatuko dituzte bertan.

Zakura tartean, Maite Larburu izango dute protagonista. Hezurren azpian diskoa kaleratu berri, Txintxua Films ekoiztetxearen egoitzan hartuko du 'EiTB Kultura Transit' saioko lantaldea; izan ere, Telmo Esnal Txintxuako kideak zuzendu du 'Gona' abestiaren bideoklipa. Hark gidatu zuen Larburu protagonista duen Zela Trovke film laburra ere. Hernaniarraren proposamenen artean daude Holland Baroque eta Capriccio Stravaganteren musika, El dios de las pequeñas cosas eta The sea as a craftsmen liburuak eta The story of the weeping camel filma.

Programaren azken zatian, Gernikako Lekuek bi astez Bizkaiko herria musikaz astintzen duen jaialdiari egingo diote tartea. Dokumental, hitzaldi eta, batez ere, estilo askotako zuzenekoak eskaintzen dituzte, denak autogestio bidez antolatuta. Astra, Trinkete Antitxokoa, Lizeo Antzokia, Iparragirre Rock Elkartea eta Bunkerra dira jaialdi honi izena ematen dioten 'leku' horietako batzuk. Guztietan egingo dute geldialdia, martxoaren 9tik 16ra egingo den festibala ezagutzeko.

'EiTB Kultura Transit' saioa ostegun gauero izaten dugu ikusgai ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en.


Informazio gehiago (1)