ETB1en eta ETB2n
Delorean taldearen agurra, gaur gauean, 'EiTB Kultura Transit' saioan
EiTB
Bilboko Kafe Antzokiko kontzertuan izan dira beraiekin, estilo aniztasunaz, AEBko ibilbideaz eta goian mantentzeak duen lanaz hizketan.
Delorean taldearekin egongo da 'EiTB Kultura Transit' saioa gaur gauean. Ia 20 urteko ibilbidearen ostean, agur esan du Delorean talde zarauztarrak. Etxean zein nazioartean ibilbide oparoa egin ondoren erabaki zuten udazkenean taldeari agur esatea, disko berri bat prestatzearen lanari aurre egiteko nahikoa gogo ez zutelako.
Beren azken kontzertuetan jendez lepo egon dira aretoak. 'EiTB Kultura' Bilboko Kafe Antzokiko kontzertuan izan da beraiekin, estilo aniztasunaz, AEBko ibilbideaz eta goian mantentzeak duen lanaz hizketan.
Eider Rodriguezen kutunak
Idazleen gorputzak saiakera argitaratu berritan eraman gaitu Eider Rodriguezek Irungo Brönte liburu-dendara. Bere idazle kutun asko ezagutu ditu bertan: Marguerite Duras, Albert Camus, Bernardo Atxaga, Mia Couto, Jamaica Kindcaid, Julio Cortazar... Horiez gain, Jean-Luc Godard zinemagilearen filmaz eta Anari eta Nacho Vegasen musikaz ere aritu da.
Jose Pablo Arriaga: sortzailea
Aurreko saioan Markina-Xemeingo arriagatarren tailla tradizionala ezagutu ostean, Jose Pablo Arriagaren estudioan sartuko dira aste honetan, tailla tradizionalaren esentziari eutsi eta egungo material eta formekin berrasmatutako obrak ezagutzeko.
Eskulturak zein altzariak egiten ditu Jose Pablok, mugimendua eta tentsioa oinarri, naturaren eta gizakiaren arteko harremana islatzeko. Inguratzen gaituzten gizarte-desorekei ere egiten die erreferentzia bere lanetan, betiere ikuspegi positibo batetik: Afrikako bidaian inspiratutako obrak, adierazpen askatasunari dagozkionak, errefuxiatuen drama azaleratzen dutenak... Hamaika gairi buruzkoak izan daitezke bere lanak, baina abiapuntua beti da bat: sentitzea.
'EiTB Kultura Transit' ostegun gauetan izaten da ikusgai ETB1en (23:15), ETB2n (00:55) eta eitb.eus.en.