Kargatzen...
Itxi

ETB1en eta ETB2n

'EiTB Kultura Transit' Chillida Leku museoan izango da gaur gauean

EiTB

Leer en Castellano

Eskultorearen ibilbide osoari errepasoa egiten dion 'Oihartzunak' erakusketarekin ekin dio garai berriari.

Chillida Leku museoaren barnealdea

Chillida Leku museoak berriz ireki ditu ateak, Hernanin. Eduardo Chillidaren obratzat har daiteke lekua bera, eta eskultorearen ibilbide osoari errepasoa egiten dion 'Oihartzunak' erakusketarekin ekin dio garai berriari. Chillidak bere sorkuntzan materiala eta espazioa jorratzeko zuen eraz eta bere lan egiteko moduaz hitz egitera, zein eskulturak ikusi, ukitu eta entzutera joango da Chillida Lekura 'EiTB Kultura Transit' programako lantaldea.

Garazi Arrularen proposamenak

Tafallako kulturgunera eraman gaitu Garazi Arrula Txalapartako editoreak bere proposamenez hitz egitera. Arrula itzultzailea eta idazlea ere bada; beharbada horregatik gomendatu du euskal itzultzaileen elkartearen Literatura Unibertsala bilduma.

Musika alorrean, Lumi eta Bizeten Carmen opera proposatu ditu, eta, ikus-entzunezkoen artean, euskal egileen dokumentalak; Kanaki Films etxeak ekoitzitako Another day of life animazio lana, hain zuzen.

Trigger: Sortzailea

Eñaut Zubizarretak "Trigger" ezizenarekin sortu du bere lehen diskoa: Esku bi, hamar hatz. Ahotsa, loopak, umore zorrotza, kritika soziala, gaurkotasun handiko gaiak eta protagonista nagusi bat: biolontxeloa.

Horren jaioterrian egin dugu hitzordua musikariarekin, Aretxabaletan, entseguetarako erabiltzen duen lokalean. Pistolekin tiro egiteko kakoari esaten zaio "trigger", eta horixe da Zubizarretaren kantuek egiten dutena: tiro. Ingurukoei eta norberari.

'EiTB Kultura Transit' ostegun gauetan izaten da ikusgai ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en.

Informazio gehiago (2)