Itxi

ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en

'EiTB Kultura'ren denboraldi berria gaur gauean hasiko da

EiTB

Leer en Castellano

Oskar Alegria eta Maddi Baber zinemagileak, Kattalin Miner kazetari eta idazlea eta Vivian Maier argazkilaria izango dira lehen ataleko protagonistak.

EiTB Kultura. Irudia: EiTB

Gaur gauean hasiko du 'EiTB Kultura' saioak denboraldi berria, eta, ohi denez, ETB1en eta ETB2n izango da ikusgai. Halaber, egunero, astelehenetik ostegunera, erreportaje bana ikusteko aukera izango dugu ETB1en, 21:00etatik aurrera.

Denboraldiko lehen atalean, hasteko, Oskar Alegria zinemagilearekin egongo dira. Zumiriki da bere film berria: lau hilabetez Arga ibai ondoko etxola batean bakartuta zegoen bitartean grabatutako lana da, eta Veneziako Mostran erakutsi berri du.

Bestalde, Kattalin Miner kazetari, idazle eta aktibistak bere liburu, disko eta pelikula kuttunen berri emango du. Donostiako Kaxilda liburu-dendan egin dute hitzordua.

Maddi Barberren lana ere ezagutuko dute, zinemagilea da Barber, eta Itoizko urtegiaren historia jorratu du bere lanean. Donostia Zinemaldian estreinatuko du Urpean lurra.

Horrez gain, Vivian Maier argazkilari estatubatuarraren lanari begiratuko diote. Hil ondoren ezagutu zuen munduak Maierren lana; izan ere, umeak zaintzen lan egiten zuen bitartean, ezkutuan, argazkiak ateratzen zituen. Donostiako Tabakaleran erakusketa eskaini diote.

Bestalde, pertsonaia bakoitza egun batean ezagutuko dugu, ETB1en, 21:00etan: Oskar Alegria (asteazkena), Vivian Maier (osteguna), Kattalin Miner (astelehena) eta Maddi Barber (asteartea).

'EiTB Kultura' gaurtik aurrera izango da ikusgai, 00:10ean ETB1en eta 00:50ean ETB2n. Bi emanaldiak eitb.eus-en ere ikusi ahalko ditugu.

Informazio gehiago (2)