ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en
'Un triángulo, tres vértices. _ser_ rizoma' proiektuaz, gaur, 'EiTB Kultura'n
EiTB
Gari Garaialde argazkilaria, Yannick Bellon zine zuzendaria eta arte eszenikoetan aritzen den Tripak Kolektiboa izango dira aste honetako saioko beste protagonistak.
Aste honetan 'EiTB Kultura' saioan 'Un triángulo, tres vértices. _ser_ rizoma' proiektua ezagutuko dute. Arte garaikidea Arabako herrietara hedatzeko asmoa duen Eskualdea programaren baitako egitasmoa da, eta Leyre Goikoetxea komisarioaren eta Miriam Isasi, Belén Cerezo eta Anabel Quincoces artisten lana bildu du Zuhatzu Kuartangoko bainuetxe zaharrean.
Horrez gain, Gari Garaialde argazkilariak bere kultur proposamenen berri emango digu: Sorotan Bele eta Dut taldeak, eta La Haine pelikula daude bere gogokoen artean.
Bestalde, Yannick Bellon zine zuzendariaren lana ezagutuko dute, Euskadiko Filmategiak eskaini dion atzera begirakoaren harira. Biarritzen jaio zen Bellon, eta ibilbide oparoa izan bazuen ere, gutxi ezagutzen da hemen.
Eta amaitzeko, arte eszenikoetan dabilen Tripak Kolektiboko kideekin izango dira. Urruna beren azken lana prestatzen ari dira, eta Bilboko La Fundición aretoan egin dute hitzordua beraiekin.
'EiTB Kultura' saioa gaur izango da ikusgai ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en. Ohi denez, erreportajeak banaka ikusteko aukera ere izango dugu iluntzeko 'Gaur Egun' albistegiaren ondoren: Arabako artistena gaur, Yannick Bellonena ostegunean, Gari Garaialderena astelehenean eta Tripak kolektiboarena asteartean.