Larunbatean, 13:30ean, ETB1en
Patxi Araujo artistarekin izango da aste honetan "EITB Kultura" saioa
EITB MEDIA
Horrez gain, Niko, Maia eta Martinen proposamenak, Sandra Garayoaren lana eta Willis Drummonden azken diskoa izango ditu hizpide saioak.
Aste honetako "EiTB Kultura" saioak lau kultur proiektu berri proposatuko ditu.
Patxi Araujo artistarekin hasiko da programa. Teknologia du artea sortzeko lanabes eta Iruñeako Apaindu galerian jarri berri du All Prophets Are Wrong bere azken lana ikusgai.
Ondoren, Niko, Maia eta Martin gaztetxoen kultur proposamenak jasoko ditu aste honetako "EiTB Kultura"k.
Horrez gain, Sandra Garayoa ilustratzaile donostiarraren lana ezagutuko dute. Sinboloen bidez, irudimena pizten duten eta mezu gogorrak biltzen dituzten irudiak sortzen ditu.
Amaitzeko, saioak Willis Drummond talde baionarraren bisita hartuko du baserrian. 2007an hasi zuten ibilbide profesionala Anthology lanarekin. Lau diskaren ostean, 2019an argitaratu zuten euren azkena, Zugzwang, eta horixe izango dute hizpide.
"EiTB Kultura" saioa ostiralean izango da ikusgai ETB2n, 10:30ak aldera, eta larunbatean, 13:30ean ETB1en. Bi emankizunak eitb.eus bidez ere jarraitu ahal izango dira.