22:30ean
'Errepide Galduak' saioa estreinatuko du ETB1ek gaur Ander Izagirreren eskutik
EiTB
Euskal Herrian barrena ibiliko da Izagirre bizikleta gainean, istorio eta pertsona ezezagunen bila.
Your browser doesn’t support HTML5 video
ETB1ek eta eitb.eus-ek 'Errepide Galduak' saioa estreinatuko dute gaur gauean, Ander Izagirre kazetari eta idazleak aurkeztuta. Historia bilatzailearen maillota jantzi, bizikleta gainean jarri eta Euskal Herrian barrena ibiliko da Izagirre, istorio eta pertsona ezezagunen bila.
Atal bakoitzean bizikletan egin daitekeen ibilbide bat proposatuko digu Anderrek, eta errepide horiekin zerikusia duten istorioak aurkeztuko dizkigu. Ofizioz kazetaria eta idazlea den donostiarrak bizikletarako afizioa izan du umetatik. Bizikleta gainean, kirola egiteaz gain, bidaiak egin daitezke, inguruko paisaiez gozatu eta istorio politak ezagutu. Helburu horrekin jaio da 'Errepide Galduak' saioa.
Lehen programan, Donostiako Santa Klara uhartetik abiatuko da Ander, Boulevardera iristeko. Bertan, inoiz lehiatu den Donostiako Klasikorik gogorrena gogoratuko du: 1992koa. Ordura arteko udako ekaitzik bortitzena izan zen urte hartan. Arratsaldeko hiruretan, bat-batean, eguna gau bilakatu zen, eta ia ehun txirrindulari erretiratu ziren. Lasterketa azken postuan amaitu zuen txirrindulariaren izenak harrituta utziko gaitu.
1992ko Donostiako Klasikoa gogora ekartzeko, ETBn probaren kontakizuna egin zuten Pedro Mari Goikoetxea eta Marino Lejarretarekin elkartuko da Ander Izagirre. Horrez gain, Xabier Usabiaga txirrindulari ohia izango du bidelagun.
Klasikoaren ibilbideari jarraituz, beste istorio harrigarri baten berri emango digu Ander Izagirrek. Donostiako lasterketa entzutetsuan erabakigarria izaten da Jaizkibelgo igoera. Xabier Usabiaga txirrindulari ohiarekin batera mendian gora doala jakingo du errepide hau frankismoko esklaboek egin zutela eta bertan lan egin zuen herritar bat elkarrizketatzen saiatuko da.
Ander Izagirre (Donostia, 1976) kazetari eta idazlea da. Euskadi Literatura Saria jaso zuen 2017an Potosí liburuarekin, eta Europako Prentsaren sarietako bat irabazi zuen 2015ean Kolonbian izan ziren krimen militarren inguruan idatzitako erreportaje batengatik. Besteak beste, Plomo en los bolsillos, Pirenaica eta Cansasuelos liburuak idatzi ditu.
Galtzeko zorian dauden istorioen bila ibiliko da ostegunero Ander Izagirre 'Errepide Galduak' saioan, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.