Gaur
ETAren jarduera armatuaren amaiera eta krisia 'Eskerrik asko Petrov'en
11. atalean 2009 eta 2013 urteen artean gertatutakoak gogoratuko dituzte. Gorka Otxoa Lapurdin izango da Kalakan taldekoekin, Madonnarekin egin zuten birari buruz hitz egiteko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
ETAren jarduera armatuaren amaiera eta krisi ekonomikoa izango dira 'Eskerrik asko, Petrov!' saioko azken-aurreko atalaren gai nagusiak. 2009 eta 2013 urteen artean gertatutakoa errepasatuko dute atal honetan, eta Gorka Otxoa Lapurdin ibiliko da Biarritz Olympique errugby taldearen entrenamentua ikusten eta Kalakan taldekoekin, hauek Madonnarekin egin zuten birari buruz hitz egiten. Gaur, apirilaren 20an, emango da saioa ETB-1en.
2011ko urriaren 20an ETAk "jarduera armatua behin betiko amaitu" zuela iragarri zuen. Ordezkari politikoek, Gesto por la Paz mugimenduko kideek eta eragile kulturalek albiste historiko honen ondorioak eta gaur egungo egoera analizatuko dituzte 'Eskerrik asko, Petrov!' saioan.
Krisi ekonomikoa
Bestalde, gaur egun bizi dugun krisi ekonomikoa Euskadin azken 30 urteotan bizi izan ditugunetatik okerrena dela diote adituek. Gorka Otxoak aurkezten duen saioak hainbat lagunen testigantzak jaso ditu. Hala nola, greziarren egoera nolakoa den azalduko digu Manos Papamakarios Lagun Aro Gipuzkoa Basket-eko jokalariak. Alfa-ko langile batzordeko kideak lan erregulazioan dauden langileen egoeraz arituko zaizkigu. Eta horrez gainera, Nuria López de Gereñu Confebask-eko presidentearen, etxegabetutakoen eta M-15-eko mugimenduko kideen iritziak entzungo dira.
Horrez gainera, gai hauen eta beste batzuen inguruko iritzia eskatu diete pertsona ezezagun zein ezagunei; besteak beste, Maialen Lujanbiori, 2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazleari, eta Anjel Alkaini, ETBko hainbat saio arrakastatsutako protagonistari.
Gorka Otxoa Senperen ere izango da Kalakan taldekoekin. Madonnarekin egindako bira eta "Sagarra jo" abesti ezaguna ekarriko dituzte gogora. Biarritz Olympiqueren entrenamentu bat ikustera ere joango da eta Imanol Harinordoquy jokalariarekin hizketan arituko da Ipar Euskal Herrian errugbiak duen indarraz, batik bat, euren taldeari eta Baionako Aviron taldeari esker.
Kirol-lorpenak
Kirolari dagokionean Maider Undak eta Maialen Chorrautek Joko Olinpikoetan lortutako dominak dira aipatzekoak. Virginia Berasategiren garaipenak, Athleticek jokatutako Kopako bi finalak eta UEFAkoa, eta Reala lehen mailara itzuli zela ere gogoratuko dituzte.
Politika
Politikari dagokionez, Euskadik bi lehendakari ezagutu ditu garai honetan: Patxi Lopez sozialista eta Iñigo Urkullu jeltzalea. Ezker abertzalea, berriz ere erakundeetara itzuli da Bildu koalizioari esker eta zabor bilketa gizarteko gai polemikoetako bat bilakatu da.
Estatuan ustelkeriak kasuek bete dituzte hedabideak. 300 politikari baino gehiago daude hainbat kasutan inputatuta. Errege Familia ere ustelkeria kasuek eta bestelako hainbat arazok astindu dute.
Azkenik, Xabier Leteren eta Michael Jacksonen heriotzak, Alakranaren bahiketa, Udaberri arabiarra, Bin Ladenen hilketa, ozeano indiarrean gertatutako tsunamia, Fukushimako istripu nuklearra eta Felix Baumgartnerren salto ultrasonikoa ere ekarriko dituzte pantailara azken-aurreko atal honetan.
'Eskerrik asko, Petrov!'-en 11. atala gaur, apirilaren 20an, izango da ikusgai ETB-1en 15:00ean.