9. saioa
'Egunkaria'ren itxiera, I-11 eta euroa, 'Eskerrik asko, Petrov'en
Erredakzioa
2001-2004 urteen errepasoa egingo du Gorka Otxoak saioaren bederatzigarren atalean. Gaur izango da ikusgai ETB-1en.
Your browser doesn’t support HTML5 video
''Eskerrik asko, Petrov'' saioaren bederatzigarren atalean 2001-2004 urteen errepasoa egingo du Gorka Otxoak eta Afganistango eta Irakeko gerrak, I-11, euroaren iritsiera eta 'Egunkaria'ren itxiera izango dira gai nagusietako batzuk. Bestalde, Gorka Otxoa Julian Iantzirekin elkartuko da, eta ''El Conquistador del Fin del Mundo''-ren eta ''Vaya Semanita''-ren lehen saioak gogoratuko dituzte. Gainera, Gorka Otxoak Josune Bereziarturen laguntzarekin erronka batzuei aurre egin behar izango die.
2001eko irailaren 11n non zeuden gogoratuko dute ''Eskerrik asko, Petrov'' saioan elkarrizketatu dituztenek. New Yorkeko Dorre Bikien aurkako erasoak ezegonkortasuna areagotu zuen mundu osoan eta hurrengo urteetako gertakizun nagusiak markatu zituen: Afganistango gerra, Irakeko inbasioa eta 2004ko martxoaren 11n Madrilen izan zen atentatua, besteak beste. Horri buruz hitz egingo dute Juan Carlos Etxeberriak, Esti Ruiz de Azuak, Joseba Iriondok, Oscar Terolek, Andoni Agirregomezkortak eta Jesús Torquemadak.
2002an moneta berri bat iritsi zen gure artera eta horrekin batera, prezioek gora egin zuten. Oparoaldi urteak izan ziren, izan ere, eraikuntzek gora egin zuten eta higiezinen burbuila sortu zen.
Bestalde, euskal kulturarentzat kolpe handia izan zen 'Egunkaria'ren itxiera eta erantzun sozial handia sortu zuen horrek. Salatutakoak absolbitu egin zituzten, baina Juan Mari Torrealdaik gogoratu duen bezala, min handia egin zioten euskal kulturari.
ETAk, besteak beste, Maite Pagazaurtunduaren neba, Joseba (Andoaingo Udaltzaingoaren burua), hil zuen, eta garai horretan, ezker abertzaleko ordezkariei presio handia egin zieten atentatu horiek kondenatzeko.
Bederatzigarren saio honetan 'Ibarretxe plana' Madrilen ukatu egin zutela gogoratuko dute, eta baita Prestige ontziaren ezbeharra eta Indiako Ozeanoa astindu zuen tsunamia ere.
Bestalde, Josune Bereziartu, Joane Somarriba, Naroa Agirre, Joseba Beloki, Roberto Laiseka eta Iban Mayo kirolariek erronka handiei aurre egin zieten urte horietan.
''Eskerrik asko, Petrov'', gaur gauean, izango da ikusgai ETB-1en.