Itxi

Denboraldi berria

Pello Reparazek Sydneyn dauden euskaldunak ezagutuko ditu gaur 'Euskalonski'n

EiTB

Leer en Castellano

Euskara eta musika ardatz hartuta, atzerrian bizi diren euskal hiztunak hurbilduko dizkigu musikari nafarrak, 22:15ean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gaur gauean, 'Euskalonski' saioa berriro izango dugu ikusgai ETB1en. Bertan, euskara eta musika ardatz hartuta, atzerrian bizi diren euskal hiztunak gertutik ezagutzeko aukera emango digu Pello Reparaz musikariak. Uda honetako lehen atalean, Sydneyra bidaiatuko du.

17.000 kilometroko jauzia egin, eta munduko kontinente txikienean eta, aldi berean, lurreko uharte handienean hartuko du lurra Pellok.

'Lurreko infernua' deitzen zioten duela ia 250 urte, eta munduan bizi-kalitaterik onenenetakoa duen herrialdea da gaur egun. Lanarengatik eta bizi-kalitateagatik geratu ziren Sydneyn Joseba Goikoetxearen gurasoak ere. Joseba australiarra da jaiotzez, baina bermeotar peto-petoa ere badela erakutsiko digu.

Australia aipatu eta gizonezko surflari ilehorien taldeak irudikatzen ditugu nahi gabe. Aintzane Nabaskues donostiarrak, ordea, beste dinamika batzuk ere badirela erakutsiko dio Pellori; astero-astero ama diren surflariak elkartzen dituen Surfing Mums ekimena, adibidez.

A student grammar of Euskara liburua aurkituko du liburutegi batean Pellok, eta egilea topatu, eta cricketean elkarrekin egiteko geratuko dira. Jon Patrick melbournetarrak euskara eta hizkuntza gutxituenganako maitasun berezia du.

Hirian barrena, beste hainbat euskalonski ezagutuko ditu Pellok: Raquel Elvira madrildarra eta Nekane Reta euskaldunak kanguruak ikusi eta hegan egiteko erronka botako diote. Iñigo Jauregik laneko proiektu bitxia erakutsi, eta ordiziarrez osatutako kuadrillarekin barbakoa egitera gonbidatuko du. Azkenik, Unai Sarries lezoarrarekin snorkel egitera joango da Clovelly hondartzara.

Australia kanguruen, koalen, marrazoen, armiarma eta suge pozoitsuen lurraldea zela esaten dute, baina bizitasunez eta rollo onez pozoituta alde egingo du lantaldeak.

'Euskalonski' astearteetan izango da ikusgai, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)