22:30ean
Muturreko erronka berriekin itzuliko da 'Gailurra Xtreme' gaur gauean
EITB
Ibon Gaztañazpik erronka berriei aurre egingo die puntako mendizale eta kirolariekin batera. Lehen atalean, Goierriko Bi Handiak, 80 kilometroko mendi-ibilbidea gainditu beharko du 22 orduko denboran.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur gauean, 'Gailurra Xtreme' saioaren denboraldi berria estreinatuko du ETB1ek, eta ez dira makalak izango Ibon Gaztañazpik eta harekin batera arituko diren puntako mendizale eta kirolariek burutu behar izango dituzten erronka berriak, horien artean: Goierriko Bi Handiak, Monte Perdido neguan, Anbotoko Kilometro Bertikala, Nafarroa Xtreme eta Zegama-Aizkorri mendi-lasterketak eta Jerteko Garganta de los Infiernos ibilbidea. 'Gailurra Xtreme' ostegunetan izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.
Hilabete hauetan erronka ugariri egin beharko die aurre aurkezleak. Kilometroak hanketan pilatuta, psikologikoki ere latzak izango diren desafioekin egingo du topo oriotarrak. Horretarako, Euskal Herriko puntako mendizale eta kirolariak izango ditu bidelagun: Alex Txikon (Everestetik itzuli eta gutxira Monte Perdido igotzen saiatuko dira), Xabier Orbegozo Arria V.a (aizkolaria), Joseba Llorente eta Aitor Lopez Rekarte (Realeko futbolari ohiak) Uxoa Irigoien eta Elena Calvillo (mendi korrikalariak), edota mendi lasterketetako euskal selekzioa.
Hilabete asko eta gogortasun handiko proba ugari izango ditu aurretik. Ezagutzen dugu Ibonek bere burua estutzeko duen gaitasuna, baina gai izango ote da desafio guzti hauek arrakastaz betetzeko?
Lehen atala, Goierriko Bi Handiak
Erronka gogor batekin emango dio hasiera Ibon Gaztañazpik 'Gailurra Xtreme'ko denboraldi berriari: Goierriko Bi Handiak lasterketari (88 km / +6000 metro), hain zuzen ere. Ez da nolanahiko ibilbidea, eta tartean Txindoki eta Aizkorri mendiak saihestu beharko ditu. Goizeko 04:00etan Beasaingo Udaletxe plazatik irten eta 22 orduko jomuga izango du berriro ere Beasainera itzultzeko. Muturreko tenperatura eta fenomeno meteorologiakoak topatuko ditu ibilbidean Ibonek: haizea, elurra, hotza... Kontrol-gune ezberdinak, txakalaldiak, gosea, logurea, beherakada psikologikoak, eta batez ere negu gorriari aurre egin beharko dio aurkezleak.
Erronka honetan, Ibon ez da bakarrik egongo. Bidelagun izango ditu: Joseba Llorente eta Aitor Lopez Rekarte Realeko jokalari ohiak; Joseba Usabiaga aktore eta Handia filmeko protagonistetako bat; 'Gailurra Xtreme Perdido'ko Sarah Ugarte, Enara Oronoz eta Xabi Zarranz, eta Elena Calvillo, Goierri Bi Handietako irabazle izandakoa eta eskarmentu handiko mendi korrikalaria. Tartean, bere lagun batzuk ere izango ditu ibilbidean zehar, besteak beste, Joxe Mari Olasagasti eta Pabi Astondoa herri-kiroletako lagunak. Gai izango al da Ibon muturreko egoerei aurre egin eta 22 orduko denbora mugan ibilbidea osatzeko?