22:15ean, ETB1en
Arabako Cruz del Castillo mendira igoko dira gaur 'Gailurra' saioan
A.H. | EITB
Bi bidetatik igoko dira Andoni Aizpuru eta Irati Anda 1.432 metroko tontorreraino, 22:15ean hasiko den saioan.
Ostegunero bezala, mendi esanguratsu bat ezagutzeko aukera eskainiko du 'Gailurra' saioak gaur. Oraingoan, Arabako Cruz del Castillo izango da, 1.432 metroko tontorra.
Betiko moduan, bi bide ezberdin erakutsiko dituzte Andoni Aizpuruk eta Irati Andak. Andoni Lagrandik igoko da, eta Iratik, aldiz, bide luzeagoa egingo du, Guardiatik abiatuta.
Igoeran, 30 bat gizon-emakume izango dituzte lagun: besteak beste, Juan Vallejo alpinista, istripu batean bista galdu zuen Ana Mujika, minbizia gainditu duen Olatz Azkarraga Mendizabal, eta mendia inor baino hobeto ezagutzen duten Ander eta Patxi Bezares anaiak.
Denetik izango du aste honetako saioak: ohitura zaharrak, animaliak eta sorpresak. Dena, irudi ikusgarriez jantzita.
Euskal Herriko mendiak eta bertako mendizaleen historia eta istorioak ezagutzeko aukera ezin hobea da 'Gailurra' saioa, eta ostegunero izaten da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.