Estreinaldia
'Gailurra Xtreme'en estreinaldia, Ibon Gaztañazpi eta Irati Andarekin
A.E.|EiTB
Mendi lasterketak, abentura eta arrisku kirola ardatz dituen saioak 'Gailurra' eta 'Gailurra Neguan' saioen espirituari eutsiko dio gaur gauetik aurrera.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ibon Gaztañazpi eta Irati Anda izango ditu protagonista gaur gauean estreinatuko den 'Gailurra Xtreme' Primetime Mediak eta ETBk ekoitzitako saioak. Mendi lasterketak, abentura eta arrisku kirolak ardatz dituen saioak 'Gailurra' eta 'Gailurra Neguan' saioen espirituari eutsiko dio.
Euskal Herriko paraje naturalak erakusten jarraituko du 'Gailurra Xtreme' saioak. Haatik, 'Gailurra' saioak baino modu ausartagoan egingo du. Ibon eta Irati muturreko egoera askoren erdian ikusiko ditugu, eta Euskal Herriko mendietan izaten diren hainbat lasterketatan hartuko dute parte.
Hasteko, Ibonek eta Iratik Zegama-Aizkorri nazioarteko proba ezagunaren ibilbidea osatuko dute. 42 kilometroko lasterketa honetan, hotzari, elurrari eta mendien gogortasunari egin beharko diete aurre. Baldintza zail horietan, zalantzak eta eztabaidak sortuko dira taldean.
Hamar orduko proba izango da, baina aurkezleak ez dira bakarrik egongo: Zigor Iturrieta eta Oihana Azkorbebeitia korrikalari trebatuen laguntza izango dute. Bi lasterkariak ohituta daude proba luzeak egitera, eta babesa ez ezik, aholku baliotsuak emango dizkiete Iratiri eta Iboni. Hamar ordutan 42 kilometro egitea lortuko al dute guztiek?
Hurrengo saioetan, halaber, beste hainbat erronka izango dituzte. Esaterako, gau luze bat pasatuko dute Gorbeian galduta, Itxinan. Mitologiaren aldetik esanahi handia du inguru horrek, baina bertan galtzea oso erraza delako ere da ezaguna.
Berebat, Beriaingo kilometro bertikalean parte hartuko dute. Lasterketa Uharte Arakilen (471 m) abiatu eta Beriain (1.494) mendian amaitzen da.
BasqueUltraTrail Bilbao-Gasteiz proba izango da bikotearen beste helburuetako bat. Bi hiriburuen artean dauden 110 kilometroak egin beharko dituzte. Partaide guztiek izango dituzten arau berdinak izango dituzte, eta, beraz, 26 ordu izango dituzte proba egiteko. Kanpoko laguntzarik ez izateaz gainera, gainditu beharreko beste oztoporik ere izango dute: bi gau eman beharko dituzte lasterketan, eta ibilbideak duen 10.000 metroko desnibel metatua ere kontuan hartu beharko dute. Tartean, Gorbeiako mendi gailurra zapalduko dute.
'Gailurra Xtreme' ostegunetan izango da ikusgai, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.
ong>-en.