22:15ean
'Gailurra Martxan' Aralarren izango da gaur gauean
A.E.|EiTB
Andoni Aizpuruk Aralarko transhumantzia-bidea egingo du 450 buruko artaldearekin, eta Iratik, berriz, 20 behirekin.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Maiatzaren 1ean larreen irekiera egiten da Aralar mendilerroan, eta orduan hasten dira abeltzainak eta artzainak abereak mendira igotzen, uda bertan egin dezaten. 'Gailurra Martxan' saioak, gaur, gertutik erakutsiko du egun berezi eta gogor hori. Ganboa mendia helmuga izanda, Andoni Aizpuruk Aralarko transhumantzia-bidea egingo du 450 buruko artaldearekin; Iratik, berriz, 20 behirekin egingo du.
Nola moldatuko dira animaliak mendian gora? Beti bezala, ondoan lagunak eramango dituzte bide horretan: artzainak, abeltzainak, mendizaleak eta musikariak. Saio honetara, gainera, musikari oso ezagunak bilduko dira: batetik, Andonik Erramun Martikorenaren bisita jasoko du, eta Huntza taldea etengabe arituko da 'Aldapan gora' abesti ezagunaren doinuan gailurrerako malda alaitzen.
Horrez gain, Iratik monozikloan ibiltzen ikasiko du, eta Aralarretik igarotzen den Euskal Herriko proba gogorrenetako baten informazioa jasoko du antolatzaileen eskutik: Ehunmilak lasterketa.
'Gailurra Martxan' ostegunetan izaten da ikusgai eitb.eus-en eta ETB1en 22:20tik aurrera.