Gaur, 22:15ean
Ganekogorta igoko dute, denboraldiko azken 'Gailurra Martxan' saioan
EITB
Andoni Bilbotik igoko da, Pagasarriko gailurra aurretik eginez, eta Iratik Laudioko bidea hartuko du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Andonik eta Iratik Bilboko mendi ezagunena aukeratu dute 'Gailurra Martxan' saioaren denboraldiari bukaera emateko: Ganekogorta (998 metro).
Andoni Bilbotik igoko da, Arriaga plazatik, eta Pagasarri gailurra igoko du aurretik. Irati, berriz, Laudiotik irtengo da. Ibilbidearen erdian elkartuko dira biak, gailurrera batera heltzeko. Maider Zabalegi animatuko da Iratirekin igotzera. Azken gailur horretan, ez da musikarik faltako, Korrontzi taldearen eskutik.
Andonik WOP fundazioaren sortzailea ezagutuko du, eta, gainera, aizkora probatzeko aukera izango du bidean. Horrez gain, Jabier Baraiazarra Mendi Film Festivaleko zuzendariak jaialdiko sekretu guztiak kontatuko dizkigu.
Irati, bere aldetik, harri-tiratze saioan arituko da Emarri taldeko emakumeekin, bere oreka probatuko du slackline egiten, eta erromeria ederra topatuko du Santa Luzia ermitan.
Azken gailur horretan, Iratik eta Andonik hobeto ezagutuko dute Bilbo inguruetako Gerra Zibileko historia. Izan ere, Bilboren defentsarako Burdin Hesia Ganekogorta ondotik pasatzen zen, eta ibilbidean lubakiak eta metraileta habiak topatuko dituzte. Garai haiei buruzko testigantzak ere entzungo dituzte.
Bidean, aterpe bat aurkituko dute, eta festa ederra egingo dute bertan Iratik eta Andonik. Gero, gailurrera heldu baino lehen, sokatira berezia egingo dute.
Denboraldiko azkeneko 'Gailurra Martxan' gaur izango da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.
.