Itxi

'Ganbarazaleak' bitxikeriak

Eibar, Lambrettaren euskal hiriburua

EITB

1953tik 1984ra, hiri armaginean ekoitzi zuten Milanen jatorria zuen motor ezaguna. Ekoizpenaren gailurra 1965ean izan zuen lantegiak, 100.000 motor ekoitzi zituenean.

Eibar industria handiko herria izan da, eta "hiri armagin" gisa ezagutzen badugu ere, bestelako ekoizpenak ere izan dira, eta izan ziren. Esaterako, Lambretta motor italiar ezagunaren hiriburu izan zen 30 urtez. ETB1eko 'Ganbarazaleak' saioan, lantegi horretan 27 urtez aritu zen Enrique Mugarza ezagutu dute eta horren motor-bilduma ederra ere ikusi ahal izan dute Pedro Mari Goikoetxeak eta Ainhoa Cigandak.

1953an, Milanen sortu berria zen Lambretta motor etxea Euskal Herrira iritsi zen. Florencio Irigoienek Eibarren ireki zuen lantegia, eta estatu mailan erreferente izan zen. 1965ean jo zuen gailurra. Orduan, 100.000 motor ekoitzi zituzten, eta 500 langiletik gora zebiltzan lanean bertan. Iberiar penintsulan ez ezik, Hego Amerikan eta Asian ere saltzen zituen motorrak

Jatorrizko enpresa itailarrak 1971n itxi zituen ateak, baina Eibarren ekoizpenak jarraitu egin zuen 1984ra arte. Orduan, Amurriora eraman zuten lantegia, eta 5 urtez jarraitu zuten motorrak egiten. 1989an itxi zuten Euskal Herriko Lambretta lantegia.

Bi eraikin zituen enpresak: batean lantegia zegoen; bestean, berriz, bulegoak. Industria-arkitekturaren erakusgarri dira lau solairuko eraikinok, eta oraindik zutik daude.

Oso kuttunak dira Lambrettak Eibarren, eta, hori dela eta, duela hamar urte pasatxo, elkartea sortu zuten motor horien zaleek: Club Lambretta Eibar. Bertan egindako motorrak berreskuratzea eta kalera ateratzea du helburu taldeak, baita Eibar udalerri industrial gisa bultzatzea ere. Horretarako, irtenaldiak eta bilkurak antolatzen dituzte, besteak beste.