Aktoreak
Ezagutu itzazu 'Go!azen'eko aktoreak!
A.A. | EITB
Esperientzia handiko aktoreak eta mundu honetan hasiberriak direnak uztartuko ditu telesailak. Batzuk oso ezagunak dira dagoeneko; besteek, berriz, lehen aukera hau probestu nahi dute.
Ramon Agirre eta Karmele Larrinaga bezala esperientzia handia duten aktoreak, eta Paula eta Aitana Etxeberria (Twin Melody) edota Markel Gajate bezalako gaztetxoak elkarrekin ikusiko ditugu "Go!azen" telesailean. Nor den bakoitza jakin nahi baduzue, hementxe daukazue informazio pixka bat.
Paula eta Aitana Etxeberria Twin Melody bezala dira ezagunak eta Youtuben 330 mila jarraitzailetik gora dituzte euren kanalean. Puri purian dauden nazioarteko abeslarien bertsioak egiten dituzte. Primeran abesten dute Ordiziako ahizpa gazte hauek eta ETBko "A ze banda" lehiaketa irabaztea lortu zuten. Ondoren, Espainiako "Cazamariposas" saioko garaile ere izan ziren eta Alejandro Sanzen kontzertu bateko telonero gisa jardun zuten. Aktore lanetan, ordea, lehen aldiz arituko dira; Haizea eta Elene izango dira.
Bikiekin batera, Markel Gajate modelo donostiarra protagonista izango da "Go!azen"en. Elite Model Look lehiaketan Espainiako gizonezko ordezkaria izan zen 2015ean. Aktore gisa ere badu esperientzia pixka bat: Donostiako Zurriola ikastolan antzerkian aritu ondoren, "Balbemendi" telesailean lan egitea proposatu zioten zortzi urte zituenean. Ondoren, "Goenkale"n ere ikusi ahal izan genuen. Orain, Mikelen papera jokatuko du.
Lorea Iribar "Gu Ta Gutarrak" saioan parte hartzeagatik egin da ezagun azken hilabeteetan. Dantza irakasle lanetan aritu izan da eta La terapia de escribir izeneko blogean argitaratzen ditu bere gogoetak. 'Go!azen'en-en Nora izango da.
Gautegiz-Arteagako Aritz Mendiolak musikaren munduan lortu du esperientzia handiena. 2015eko udan "Izarrak Kalean" saioan sekulako emanaldiak utzi zituen Pink Floyden edota Bob Dylanen abestiekin, eta finalera iristea lortu zuen. Gariren rolean sartuko da ETB1eko telesail berrian.
Miren Arrietarentzat lehen esperientzia izango da "Go!azen"ekoa aktore gisa; Ane izango da bera. Dantzan hasi zen lehendabizi neska donostiarra eta interpretazioa ikasten ere ibili izan da.
Haritz Morrásek, berriz, badu eskarmentua aktore lanetan. Azken aldian, Tanttaka taldearekin Uda gau bateko ametsa, Bikarrizketa eta Muxua antzezlanetan aritu da. Horrez gainera, "Aitaren Etxea" eta "Eskamak Kentzen" telesailetan ikusi ahal izan dugu. Azken honetan muturreko ederra eman zion Andres gizajoari! 'Go!azen'en Urko izatea egokitu zaio.
Ainhoa Larrañaga "Kantugiro" saioan ikusi genuen 2015eko udan, Hernanin egin zuten saioan. Ed Sheeran abeslariaren 'I See Fire' abestu zuen eta eta irabazi ere egin zuen. Telesail honetan Eli izango da.
Beti izan du gogoko dantza eta interpretazioa Asier Burguete Irungo gazteak. Hainbat konpartsa eta antzezlanetan parte hartu ondoren, "Go!azen"en esperientzia hori zabaltzea du helburu. Markelen papera jokatuko du.
Oihan Moreno Iruñako Jaso ikastolan antzerkian aritu izan da. Horrez gainera DJ lanak ere gustuko ditu. Youtuben kanala dauka lagun batekin batera (Dj RebyMore) eta bertan argitaratzen dituzte euren musika lanak. ETB1eko telesailean Jontxu beldurtiaren papera egitea egokitu zaio.
Horiek emango diete bizia Basakabi udalekuetako gazteenei. Helduak berriz honako hauek izango dira:
Aurkezpenik behar ez duen aktorea da Ramon Agirre, Zuzen zuzendaria. 1983an hasi zen aktore gisa lanean eta esperientzia luzea du bai zineman, bai telebistan baita antzerkian ere. Besteak beste, Ehun metro eta 27 ordu izan ziren bere lehen lanetako batzuk. Azken aldian, berriz Txarriboda, A escondidas edota Alaba zintzoa lanetan ikusi ahal izan dugu zineman, baita "Eskamak Kentzen" telesailean ere, Inaxioren paperean.
Karmele Larrinagak ere eskarmentu handia du interpretazioan. "Eskamak Kentzen" telesailean Garbiren papera egiten ikusi genuen; "Goenkale"n berriz, Axun Urkijo izan zen. Ikustekoa izan zen Boga taberna nola defendatu zuen azken ataletan! Azkenik, antzerkian Cabaret Chihuahua lanean ere aritu izan da. Oraingoan, Bego garbitzailearen papera jokatuko du.
Barbara Rivas Zumarragako aktorea "Go!azen"en lehen edizioko protagonista izan zen. Irati Basakabiko ikasleetako bat zen orduan, orain ordea, irakasle gisa itzuliko da bertara. Horrez gainera, telebistan "Goenkale"n edota "Vaya Semanita"n aritu izan da. Antzerkian La casa de Bernarda Alba-n lan egin du Madrilen eta GI-631 Urretxu Zumarraga herri operako protagonista ere izan zen Jon Plazaolarekin batera.
"Goenkale"n aritutako beste aktore bat Borja Uribesalgo bilbotarra dugu. Orduan ere atzerritar baten papera tokatu zitzaion, australiarra kasu hartan. Oraingoan berriz, Peter irakasle irlandarra izango da. Hainbat film laburretan hartu du parte eta interpretazio ikasketak egin ditu.
Inma Fernandez Ordiziako aktoreak ere Desiren papera egingo du "Go!azen"en edizio honetan, lehen denboraldian bezala. Ordutik, lan dexente egin du aktore gisa, "Goenkale", "Nekane Amaya" eta "Aitaren Etxea" produkzioetan ikusi dugu.