Aurrerapena
Mikel berriro kontrata dezala eskatuko diote denek Zuzeni 'Go!azen'en
A.A.
Zuzen gogor saiatuko da bere erabakiari eusten gaur gaueko atalean. Bitartean Jontxu udalekuko tirano bilakatu da.
Zuzenek bisita ugari jasoko ditu gaur gaueko 'Go!azen' telesailaren atalean, Basakabi udalekuko ikasle eta langileak joango zaizkio Mikel berriro onar dezala eskatzeko. Bitartean, Jontxu tirano txiki bat bilakatzen ari da.
Mikel lur jota dago. Haizeak utzi egin du eta Zuzenek bota egin du Haizea eta biak elkarrekin zeudela jakin zuelako. Ondorioz, lana galtzeaz gainera, bere familiak etxea ere galdu du. Basakabi udalekuan denak daude Mikelekin arduratuta. Haizea eta lankideak Zuzen konbentzitzen saiatuko dira, Mikel berriz lanean onar dezan, baina gogorra da Basakabiko zuzendaria!
Bestalde, ikasleek sotanetako bat lapurtu diote Zuzeni. Ohikoa den bezala, Gari eta Urko izan dira, baina errua beste norbaiti botatzen saiatuko dira. Erruduna harrapatuko ote du Zuzenek?
Azkenik, Jontxu tirano bat bilakatu da. Ikaskideak bere oinetara nahi ditu, baina gertuko lagunek badakite ez dela horrelakoa eta lezio bat eman nahi izango diote. Noraren ideia baten ondorioz, Jontxuk Urkori aurre egin beharko dio. Lortuko ote du?
Ikusi 'Go!azen' telesailaren atal berriak ostiralero, 21:00etan, eitb.eus-en eta ETB1en! Gainera, aurreko atal guztiak ere daude eskuragarri EiTB Nahieran atarian.