Bideoklip berria
'Go!azen'ek 'Gure Nahia' bideoklipa aurkeztu du
EiTB
EiTBk eta Eusko Jaurlaritzak euskara sustatzeko abiatu duten 'Bihotzetik ezpainetara' kanpaina berriaren baitan aurkeztu dute bideoklipa. Hirugarren denboraldiaren berritasun ugari aurkeztu dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
EiTBk eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak euskara sustatzeko abiatu duten 'Bihotzetik ezpainetara' kanpainaren baitan, 'Go!azen'ek bideoklip berria aurkeztu du ostegun honetan Bilbon. Iaz 'Euskararen txantxangorria' abestiak lortutako arrakastaren ildotik, aurten Iker Laurobaren 'Gure Nahia' abestia bilakatu dute bideoklip. Halaber, ekainaren 20an grabatzen hasiko diren hirugarren denboraldiaren hainbat nobedade aurkezteko baliatu dute aurkezpena.
Ekitaldian, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak, Edu Barinaga ETBko zuzendariak eta Xabi Zabaleta Pausokako Proiektuen zuzendariak parte hartu dute, baita 'Go!azen'eko aktore nagusiak ere: Markel Gajate, Miren Arrieta, Aritz Mendiola, Ainhoa Larrañaga, Asier Burguete, Oihan Moreno, Nerea Mazo, Sara Nieto, Beñat Iturbe eta Iholdi Beristain.
'Go!azen' babesten duten erakunde eta enpresen ordezkariak ere egon dira aurkezpenean: Maitane Leizaola, Bizkaiko Foru Aldundiko Behatokiaren zuzendaria; Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia; Dorleta Elkorobarrutia eta Egoitz Bergara, Laboral Kutxako Gazteentzako zerbitzuen arduradunak; Izartza Zorrozua, Euskalteleko Harreman Instituzional eta Babesletzen arduraduna; Estibaliz Alkorta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria; eta Joseba Erkizia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria.
Gazteei zuzendutako kanpaina
Aurten ere, iaz bezala, euskara erabiltzeko gonbidapena egitea da 'Go!azen'en asmoa, bideokliparen bidez. EiTBk eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak elkarlanean egindako kanpaina batez ere gazteei zuzenduta dago, eta 'Go!azen' telesail arrakastatsuarekin egin du bat, horiek erakartzeko. Eusko Jaurlaritzaren kanpainak beste euskal komunikabideetan ere izango du isla.
"Gazteak dira euskara gehien dakitenak, eta eurak dira gure hizkuntza gehien erabiltzen dutenak. Hala ere, aukerak eman behar dizkiegu are eta gehiago erabil dezaten, ezagutza adin-tarte honetan oso altua baita. Aisialdian aukerak ematea edota 'Go!azen' bezalako produktuen erakarmena baliatzea oso bide interesgarriak dira", azaldu du Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Bideoklip berria 250 haurren aurrean aurkeztu dute telesail arrakastatsuaren aktoreek.
"'Go!azen' gazteentzako euskarazko produktu borobila da. Hartara, euskara zabaltzeko aktore gazte talde hauen ahaleginak indar asko duela sinetsita nago. Iaz horrela izan zen, eta gaur aurkeztutako bideoklipak ere arrasto sendoa utziko duela uste dut. Gainera, bideokliplarekin, kurtso berriarekin etorriko den 'Go!azen' zurrunbilorako giroa berotu nahi dugu. Aurten ere 13 ataleko telesaila ez ezik, emanaldiak eta estreinaldiak ere izango dira Euskal Herriko bazter guztietan. Halaber, hemendik, 'Go!azen' ekimenean parte hartzen duzuen babesle guztioi, Eusko Jaurlaritzari, Euskalteli, Laboral Kutxari eta Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundiei, ere eskerrak eman nahi dizkizuet, zuen laguntzak egin duelako posible telesailaren arrakasta", adierazi du Edu Barinaga ETBko zuzendariak.
Hamahiru atal berri
Ekainaren 20an hasiko dira grabatzen 'Go!azen' telesailaren denboraldi berria, eta abuztuaren 25ean amaituko dute. Pausoka ekoiztetxeak eta ETBk elkarlanean ekoizten duten telesailak Basakabi udalekuan euskal neska eta mutil talde baten ibilerak ditu ardatz. 2008an ETB1eko film ikusiena izan zen Pausokak telebistarako egin zuen 'Go!azen' filma, eta, ondoren, 12 ataleko telesail sorta egin zuten. Iaz eman zioten segida telesailari, eta arrasta handia izan zuen gaztetxoen artean.
Datorren ikasturtean, beraz, Basakabi udalekuko abenturek segida izango dute. Umorea, maitasuna eta musika tartekatuko ditu telesailak hamahiru atal berri horietan.
Aurreko denboraldian aritutako Paula Etxeberria, Miren Arrieta, Ainhoa Larrañaga, Markel Gajate, Aritz Mendiola, Asier Burguete eta Oihan Morenorekin batera, Nerea Mazo, Sara Nieto, Beñat Iturbe eta Iholdi Beristain lehen aldiz jarriko dira kamera aurrean telesail batean. Azken horrek 'Bago!az' saioa irabazita lortu du 'Go!azen'en parte hartzeko txartela. Ramon Agirrek, Karmele Larrinagak eta Inma Fernandezek ere jarraituko dute.
Garai ezberdinetako euskal abesti ezagun asko entzun ahal izango dira telesailean berriro ere; Negu Gorriak, Gatibu, Urtz, Xabi Solano, Hesian, Huntza, Berri Txarrak eta The Uski's taldeenak, esaterako.
Aurten, euskal kulturaren munduko beste erakundeekin lan egiteko ahalegin berezia egiten ari da lantaldea, eta horrek, besteak beste, Euskadiko Orkestrarekin egingo duten elkarlan berezian izango du isla.