Itxi

Aurrestreinaldia

'Go!azen'en Bilboko aurrestreinaldirako sarrerak ordu gutxitan agortu dira!

A.A. | EiTB

Leer en Castellano

Hala ere, egun osoan jaia izango da urriaren 7an Bilbon, eta hainbat ekitaldi prestatu dituzte horretarako. Gainera, 'Go!azen' beste herri askotara ere iritsiko da: Gasteizera, Donostiara...

Argi geratu zaigu beste behin ere 'Go!azen' telesaila fenomeno bat dela Euskal Herrian; izan ere, ordu gutxitan agortu dira urriaren 7an Bilbon izango den aurrestreinaldirako sarrerak.

Telesailaren estreinaurreko emanaldia urriaren 7an Bilbon ospatuko den Izan EiTB Jaian egingo da. Euskalduna Jauregiaren kanpoko aldean, egun osorako festa antolatu du EiTB Taldeak, ekitaldi ugarirekin. Hasteko, '3txulo' saioko lagunekin Hiru3 Jaiaz gozatu ahal izango dute etxeko txikienek. Gauean, berriz, Gaztea Irratiak Gatibu taldearen kontzertua eskainiko die bertaratzen diren guztiei. Ekitaldi hauek Euskalduna Jauregiaren inguruetan izango dira eta ez da sarrerik behar izango.

Aurrestreinaldi gehiago

Urriaren 7ko Bilboko aurrestreinaldi horretarako sarrerarik lortu ezin izan dutenek aukera gehiago izango dituzte 'Go!azen'en denboraldi berriko lehen atala telebistan baino lehenago ikusteko. Gasteizera, Donostiara eta beste hainbat herritako zinema-aretoetara iritsiko baita urrian bertan. Hurrengo astean ekitaldi horiei buruzko informazioa zabalduko dugu webgune honetan bertan.

Azaroaren 3an hasiko dira 'Go!azen' telesailaren emanaldiak eitb.eus-en eta ETB1en. Iaz bezala, ostiraletan izango da ikusgai, 21:00etan hasita.

 

Albisteak (2)