10. atalaren aurrerapena
Pintaden egilearen bila arituko da Ane 'Go!azen'en gaurko atalean
A.A. | EiTB
Naiak, aldiz, Julenek Garirekin egindako apustuaren berri jakingo du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Basakabi udalekuan agertu diren pintaden egilearen bila arituko da Ane, gaur gauean, 'Go!azen' telesailaren 10. atalean. Horrez gainera, Naiak sekulako kolpea hartuko du Julenek eta Garik egin zuten apustuaren berri jakitean.
Zuzenek Ane kontratatu zuen aurreko atalean, Basakabin azaldutako pintaden egilea aurkitzen lagundu ziezaion, eta lanean buru-belarri hasiko da gaztea. Gainera, oraingoan pankarta bat agertuko da mezu berri batekin: "Debekatuta debekatzea". Gaua esna pasatzen saiatuko da, horrela ikaskideak zelatatu eta baten bat gelatik irteten ote den jakiteko.
Naiak, bere aldetik, kolpe handi samarrak jasoko ditu. Oso gustura zegoen Julenekin hasitako harremanarekin, baina Julenek Garirekin egin zuen apustuaren berri emango dio Nikolek. Bestetik, gainera, bere desioen koadernoa desagertuko da.
Apustu horrek Eliren eta Gariren arteko adiskidetasuna pikutara botako du berriz ere, Eli erabat haserretuko baita Garirekin. Norbaitekin hitz egiteko beharra sentituko du neskak, eta Rick lagun birtualarengana joko du.
Markelek, berriz, Loreri egia esatea dela egokiena erabakiko du; alegia, neskak dituela gustuko. Izan ere, gay itxurak egitearen kontuarekin Loreren lagun izatera iritsi da, baina lagun soil gisa ikusten du neskak.
Azkenik, Jontxuk eta Julenek zigortuta jarraitzen dute, apaizen arropak garbitzen. Elkarrekin denbora asko ematen dutenez, elkar hobeto ezagutzeko aukera izango dute.
Atala eskaini ondoren, Altxor Ezkutuaren kode berri bat jakinaraziko du aktoreetako batek. Kode hori 'Go!azen' telesailaren aplikazioan sartu, eta bideo berezi berri bat ikusi ahal izango duzue.