12. atalaren aurrerapena
Basakabiko lapurra agerian, gaur gauean, "Go!azen"en
EITB Media
Maddik, berriz, beldurrak eta konplexuak gainditu beharko ditu AEBrako beka eskuratu nahi badu.
Basakabiko lapurra nor den jakingo dugu gaur gauean "Go!azen" telesailaren hamabigarren atalean.
Amaiaren bulegotik 1.000 euro inguru lapurtu zituzten, eta Igorrek Garazirengana bideratu zituen susmoak. Baina oraindik ez dago argi nork ostu zuen diru hori guztia, ezta zertarako nahi zuen ere. Gaurko atalean, benetako lapurra nor den jakin, eta nola harrapatzen duten ikusiko dugu.
Lapurreta ez da, ordea, Maddi arduratzen duena. AEBra joan nahi badu, artistentzako beka bat eskatu beharko du, eta, beka onartzeko, epaimahai baten aurrean abestu beharko du. Baina asko kostatzen zaio jende aurrean aritzea. Iazko kontua bada ere, oraindik oso gogoan dauka Maialentxu pixontziaren afera, eta konplexuz beteta dago.
Eiderrek eta Enekok, berriz, euren harremanarekin zer egin nahi duten argitu beharko dute. Lehendabizi, moztu egin zuten Enekoren jarrera ez zuelako gustuko Eiderrek. Ondoren, gerturatze bat izan dela ematen du. Zer egingo dute azkenean?
Ostiralero, 21:00etan, "Go!azen" telesailaren atal berri bat izango da ETB1en eta eitb.eus-en. Orain arteko atal guztiak EITB Nahieran atarian eta Goazen APPan daude ikusgai.