Telebista sariak
"Go!azen" telesaila Iris sarietan izendatu dute, haurrentzako programa onenaren atalean
EITB Media
Beste bost saiorekin lehiatuko da, Telebistaren eta Ikus-entzunezkoen Zientzia eta Arteen Akademiak ematen dituen sarietan.
Euskal Telebistako "Go!azen" telesaila 2021eko Iris sarietan izendatu dute, haurrentzako programa onenaren atalean. Beste bost saiorekin lehiatuko da, Telebistaren eta Ikus-entzunezkoen Zientzia eta Arteen Akademiak ematen duen saria lortzeko. Akademikoek botoa emango dute, notario aurrean, eta datozen hilabeteotan iragarriko dituzte irabazleak. Urtero telebista arloko profesionalak eta saioak saritzea dute helburu Iris sariek eta, Akademiak berak jakitera eman duenez, ia 500 hautagaitza aurkeztu dira aurten.
Hain zuzen ere, joan den astean hasi zen Gasteizen "Go!azen 8.0" telesailaren grabazioa, "Go!azen"en zortzigarren denboraldiaren filmaketa, alegia. Fikzioko telesail arrakastatsua Basakabi udalekuan dago girotuta, eta gazte talde baten istorioak lantzen ditu, trama, abestiak eta dantza uztartuta. Gazteak eta euren arteko harremanak eta kezkak ditu oinarri, eta gizartearen aniztasun eta errealitatea islatzen saiatzen da. Denboraldi berri honetan, gorra den pertsonaia bat izango dute lehen aldiz, eta aurreko denboraldian, estreinakoz telesailean, Down sindromedun aktore batek hartu zuen parte. Horrez gain, euskal serie batean lehen aldiz, aktore trans batek paper nagusietako bat izan du, eta arrazakeria ere landu dute istorioan, Aimarren eta Sararen (neska musulmana) arteko maitasun istorioarekin.
Izan ere, hainbat agente eta erakunde publikorekin egindako aliantzei esker- tartean Eusko Jaurlaritzako zenbait sailekin eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin- "Go!azen" telesailak hainbat problematikaren inguruan sentsibilizatzen lagundu du, tartean indarkeria matxista, adingabeek pairatzen duten jazarpena eta ekologia. Horrez gain, gazteen artean euskararen erabilera sustatzea ere izan da helburuetako bat, eta asmo hori ez da islatu soilik pertsonaien arteko hartu-emanetan, musika arloan ere euskara nagusi baita. Hala, garai ezberdinetako euskal abeslari eta taldeen bertsioak lantzen dira bertan, gazteen artean euskal musika kultura ere zabaltzeko asmoz.
Honek guztiak isla du telesailak audientziaren aldetik duen erabateko arrakastan. Joan den otsailean eskaini zen zazpigarren denboraldiaren azken atala, eta 4-12 urte arteko umeen artean nagusi izan zen, % 23ko audientzia-zatiarekin; euskaldunen artean, berriz, % 9,1eko kuota bereganatu zuen.
Etengabe hazten den proiektu transmedia
"Go!azen" telesailak tinko eusten dio proiektu transmedia gisa garatzeko asmoari, alde batetik "Go!azen" telesaila bera indartzeko eta, bestalde, haur, nerabe eta gazteek erabiltzen duten lengoaiari hurbiltzeko, publiko horrek erabiltzen dituen espazio eta plataformen bidez. Hala, eitb.eus-eko "Go!azen" webguneaz gain, 2017tik mugikor eta tabletentzako app arrakastatsua du "Go!azen"ek, denboraldiz denboraldi hazten joan dena jarraitzaileei kalitatezko eduki gehigarriak eskaintzeko. 2018an jada "Go!azen"en estrategia digitala saritu zuen Deia egunkariak.
Aplikazioak hainbat eduki eskaintzen ditu, besteak beste, "Goatsapp" taldeko pertsonaiek dituzten elkarrizketak, bideo bereziak eta esklusiboak, Altxor Ezkutuaren bideoak, eta, nola ez, kapituluak, abestiak, koreografiak eta agenda ere, "Goazen"en inguruko hitzordu guztiekin.
Era berean, bereziki ari da lantzen telesailaren interaktibitatea, aplikazioaren erabiltzaileek denbora errealean jaso ditzaten pertsonaiek fikzioan egiten dituzten argazkiak eta bideoak. Hala, telebistako zuzeneko emanaldiak jarraitzen dituzten ikus-entzuleen fideltasuna saritu nahi du "Goazen"ek.
Urte hauetan zehar, arrakastak ikus-entzunezkoen pantailak gainditu ditu eta agertokietara ere egin du salto proiektuak, antzerki eta kontzertu formatuan. Diskoak, liburuak eta aldizkaria ere kaleratu dira.