Go!azen
"Go!azen 8.0"ren "Lagunak" bideokliparen estreinaldia
EITB Media
Denboraldi berriko grabazioak abian diren honetan, adiskidetasunaren garrantzia azpimarratzen duen bideoklipa egin dute "Go!azen"eko aktore gazteek.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Udazkenean estreinatuko den "Go!azen 8.0" telesailaren grabazioak abian dira, eta aurrerapen gisa, "Lagunak" bideoklipa plazaratu dute asteazken honetan, uztailaren 21ean.
Iker Laurobak sortu ditu bideokliparen hitzak eta musika, eta adiskidetasunaren garrantzia goraipatu nahi dira bertan. "Lagunei, beti alboan dauden horiei" eskaini nahi izan diete abestia. Aitor Osa izan da errealizadorea eta Orio eta Igeldo artean grabatu dute bideoklipa.
Pausoka ekoiztetxeak eta EITBk ekoiztutako telesailak Gasteizen abiatu zituen grabazioak ekainaren 29an, eta Donostian, Azpeitian, Bergaran eta Irunen ariko dira filmatzen abuztuaren 20ra arte. Udazkenean EITBko kanaletan ikusgai izango diren 10 atal berri eskainiko dituzte.
Aurten ere, casting-etik aukeratutako aktore gazte berriak izango dira telesailean: Malen Azpirotz (Iraia), Joanes Echeveste (Ibai), Julen Castillo (Koldo) eta Iñaki Mujika (Unax) izango dira. Horiekin batera, Maria Redondo, Dánae Riaño, Ander Lacalle, Nerea Elizalde, Aitziber Errazkin, Lorea Intxausti eta Asier Burguete egongo dira, dagoeneko aurretik "Go!azen"en ibili diren aktoreen artean.
Berebat, Aitor Beltran aktore ezagunak Edorta soinketako irakasle berriaren papera jokatuko du; eta Asier Hormaza, telebistan eta antzerkian ere sona handia duen aktorea, Andoni izango da, Garaziren (Nerea Elizalde) aita. Itziar Gomezek zuzenduko du telesaila.
Gazteak eta euren arteko harremanak eta kezkak ditu oinarri "Go!azen"ek, eta gizartearen aniztasun eta errealitatea islatzen saiatzen da. Denboraldi berri honetan, gorra den pertsonaia bat sartuko dute lehen aldiz. Bere anaia Unaxekin batera datorren Iraia pertsonaiak hitz egin dezake, musika sentitu eta abestu; baina ezin du entzun. Bestalde, aurten eta lehen aldiz abentura generoa landuko dute Basakabin.