Itxi

Argazki saioa

"Go!azen" telesail musikalaren 11. denboraldia abian da, aktore eta abentura berriekin

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Garazi, Gontzal, Saioa, Luken, Aner, Bosko eta Maitane iazko pertsonaiei sei lagun berri batuko zaizkie: Izar (Irati Marin), Joritz (Julen Taboada), Alaia (Adriana Sanchez), Manex (Ander Murillo), Oihane (Garazi Urkola) eta Leire (Sara Cozar).

Your browser doesn’t support HTML5 video

Uda hurbiltzearekin batera, "Go!azen"eko lantaldea jarri da abian 11. denboraldia prestatzeko. Basakabiko udalekuetako kontakizunez betetako atal sorta berri honetan iazko pertsonaia batzuekin egingo dugu topo: hala nola Garazi (Nerea Elizalde), Gontzal (Kimetz Etxabe), Saioa (Mikele Arizkorreta), Luken (Ander Lacalle), Aner (Xabier Elizalde), Bosko (Ander Ayerza) eta Maitane (Nerea Arriola). Baina beste batzuk berriak izango dira: Izar (Irati Marin), Joritz (Julen Taboada), Alaia (Adriana Sanchez), Manex (Ander Murillo), Oihane (Garazi Urkola) eta Leire (Sara Cozar).

Udazkenean ikusgai izango dugun denboraldian denetik izango dugu: abenturak, maitasuna, adiskidetasuna, ezin ikusiak, umorea… Eta jakina, guztia euskal musikaz zipriztinduta. Aurten, Maitane izango da Basakabiko zuzendaria. Ilusioz jasoko ditu ikasle berriak, baina ikasleen artean berehala sortuko dira gatazkak eta ez du uda erraza izango.

Basakabira iritsiko diren pertsonaia berriak

Leire (Sara Cozar): Basakabiko kultur arduradun berria da eta Izarren ama. Aurten ikasle ospetsu baten, Kepa Etxaideren, jaiotzaren urteurrena da eta hori dela-eta ikuskizun handi bat egin nahi da Basakabin; Leire izango da saio horren arduraduna. Emakume tradizional samarra da eta zorrotza. Maitanerekin gorabehera handiak izango ditu Basakabiren kudeaketaren inguruan.

Joritz (Julen Taboada): Musika urbanoa egiten du, batez ere sintetizadorearekin. Tipo ausarta da, erraz kikiltzen ez den horietakoa.

Izar (Irati Marin): Musika egiten du, baina bere bidea akademikoagoa izan da. Gurasoak musika munduan ezagunak dira, eta batzuentzako abantaila dena, berarentzat presio estra izango da.

Alaia (Adriana Sanchez): Duela urtebetera arte neska eredugarria zen, baina azken hilabete hauetan erabat aldatu eta arazoetan sartu da. Pertsona lehorra eta gogorra da, eta une honetan ez du inorekin harremanik izan nahi.

Alex (Ander Murillo): Gontzalen anaia. Hasiera batean, mutil zoragarria irudituko zaigu eta Saioarekin ateratzen hasiko da. Guztiak perfektua dirudien arren, pixkanaka egoera aldatzen joango da.

Oihane (Garazi Urkola): Bere gurasoek Boskoren aitaren fabrika bateko jangelan egiten dute lan sukaldari. Oihaneren ametsa goi mailako sukaldaria izatea da, baina gurasoek ez dute nahi uda osoa sukaldean pasa dezan. Boskorekin talka egingo du uneoro eta Oihane ez da isilik gelditzen diren horietakoa.

Pertsonaiak ezagutu nahi?

Bestalde, "Go!azen"ek Iker Laurobak sortutako musika eta hitzak oinarri dituen bideoklipa grabatuko du datozen egunetan. Horrenbestez, zeharo murgilduko dira datorren ikasturteko aurrestreinaldi, kontzertu eta telesaila prestatzeko lan guztietan.

Bideoak (2)

Informazio gehiago (1)