Antzezlana
'Goenkale: Kondesaren erretratua' antzezlana, Donostian, aste honetan
Erredakzioa
Uztailaren 11tik 14ra Antzoki Zaharrean izango da ikusgai 'Goenkale'ko aktoreek parte hartzen duten antzezlan hau.
'Goenkale: Kondesaren erretratua' antzezlana Donostiara iritsiko da aste honetan. Uztailaren 11tik 14ra bitartean Antzoki Zaharrean egongo da ikusgai 20:00etan.
Jokin Oregiren zuzendaritzapean, 'Goenkale'ko hainbat aktorek hartzen dute parte antzezlan honetan: Xabier Perurenak (Ibon), Ylenia Bagliettok (Eider), Felix Arkarazok (Andoni), Maria Cruickshankek (Itxaso), Yannick Vergarak (Rakel) eta Carlos Nguemak (Nelson).
Asteburua nekazal-etxe batera pasatzera joango dira protagonistak eta balio handiko erretratu bat desagertuko da. Hor hasiko da antzezlan honetako istorioa. 'Goenkale'ri arrakasta eman dioten elementuei (intriga, maitasun istorioak), barrea eragingo duen komedia gaineratu diete. Ikusleen gozamenerako atondutako egitasmoa da, eta sorpresa bat edo beste ere egongo da; esaterako, 'Goenkale'ren hastapenetako pertsonaien gainean orain arte ezkutuan izan den daturen bat ezagutzeko aukera izango da.