Pankarta Anoetan
Anoetak 'Goenkale' eskatzen du!
A.A.
EiTB
Realaren eta Elxeren arteko partidan, Anoetako harmailetan, astelehenak 'Goenkale'ren egunak direla irakurtzen zen parkarta erraldoia atera zuten jarraitzaileek.
Astelehenean, urtarrilaren 27an, jokatu zen Anoetan Realaren eta Elxeren arteko Ligako partida gaueko 22:00etan hasita. Egun eta ordu hori 'Goenkale' ikusteko direla gogorarazi nahi izan zuten ETB1en telesailaren jarraitzaile batzuk, ez futbol partida bat jokatzeko ordua. Eta halaxe adierazi zuten Anoetako harmailetan jarritako pankarta erraldoi batekin; "Astelehena, 22:00etan Goenkale ikusteko ordua" zioen pankartak.
Ez zen jende asko bildu egun eta ordu horretan Realaren eta Elxeren arteko partida ikustera; Anoeta nahikoa hutsik zegoen. Baina bertaratutakoak gustura joan ziren etxera, 4 eta 0 irabazi baitzuen Donostiako taldeak Griezzmanek sartutako hiru gol eta Carlos Velaren gol batekin.
Partida ikusteagatik 'Goenkale' galdu zutenek 'EiTB Nahieran'en daukate beste aukera bat.