Aurrerapena
Ernestok Ines eta biloba berreskuratu nahi izango ditu 'Goenkale'n
EiTB
Gaurko gaueko atalean, Barbara ere bueltatuko da bere bidaiatik, eta betiko kontuetan ibili dela jakingo du bere senarrak, Kepak. Gaur ikusiko dugu, 22:15ean hasita.
'Goenkale' telesailaren gaur gaueko atalean, Ernesto libre irtengo da, eta Ines eta biloba berreskuratzen saiatuko da, baina ez zaizkio gauzak berak nahi bezala irtengo. Barbara, berriz, bere betiko kontuetan ibili dela jakingo dugu astelehenean, urriaren 6an, 22:15etik aurrera.
Ernesto ez errudun jo eta libre utzi dute. Orain Ines, bere alaba, eta biloba berreskuratzen saiatuko da. Baina, uste duenaren kontra, German ikertzen ibili da eta Inesi bere gaixotasunaren inguruan gezurra esan ziola probatu ahalko du. Ondorioz, Inesek harremanak hautsiko ditu Ernestorekin. Baina, ondorio onak ekarriko al ditu honek?
Bestalde, Barbara, Manterola familiako ama, bueltan etorriko da bidaiatik. Kepa senarrak Lukasekin negozioak egiteko asmoa duela kontatuko dio eta dirua irabazi ahal izango dutela. Hala ere, Barbara Santo Domingon azpikeriatan ibili dela jakingo du Kepak, eta polizia haren atzetik dabilen beldur izango da.
Alizia, bere aldetik, poliki-poliki suspertzen ari da. Bere beldur handienetakoa Naia alabarekin aurrez aurre egotea izango da. Azkenean, ordea, elkartu egingo dira eta haserreak baretzea lortuko dute. Eta Kandidok ez du bere ondotik alde egiten. Estherrek, Kandidoren neska-lagunak, Miamira bidaiatzea proposatuko dio, Juliani bisita egiteko, baina Kandidok ez du Alizia bakarrik utzi nahi. Ondorioz, Esther bakarrik joango da Miamira, noiz itzuliko den argi utzi gabe.