Azken denboraldia
Ezusteak eta aspaldiko pertsonaiak, gaurtik aurrera, 'Goenkale'n
L.A. | EITB.EUS
EITB
Arraldeko biztanleen istorioekin jarraituko du telesail arrakastatsuak gaurtik aurrera.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aspaldiko pertsonaia batzuen ezusteko bisitak, familia arazo askoren amaiera eta luzaroan gordetako sekretuak ezagutzeko aukera izango dugu 'Goenkale' telesailean, gaurtik aurrera.
Aurreko denboraldian, Arralden farmazia duen Etxegarai familia sartu zen 'Goenkale'ko zaleen bizitzan. Hasieran klan moduko bat osatzen zuten arren, euren arteko liskarrak eta eztabaidak ezagutzen joan ginen eta apurka-apurka banatzen joan zirela ikusi genuen. Beraz, etxegaraitarren ezinezko maitasun, infidelitate eta traizio kontuek jarraipenik duten edo ez ikusiko dugu.
Arantza utzi eta Izaskunekin alde egitea erabaki zuen Jagobak aurreko denboraldiko azken ataletan. Aurrera egingo al du harreman honek edo etxera itzuliko da Jagoba? Eta, zer gertatuko da farmaziarekin? Botikari gisa aritzeko lizentzia berreskuratuko al du Jagobak?
Taniak bere gurasoak salatzea erabaki zuen, amona Amalia hiltzea leporatuta. Hori dela eta, Jagoba eta Arantza deklaratzera deituko ditu Nekane ertzainak, baita beste bi seme-alabak ere; Hodei eta Alazne, alegia. Egindakoa aitortu eta espetxean bukatuko al dute Jagobak eta Arantzak?
Mireia Mirandak ere etxegaraitar bat salatuko du azken denboraldian; Paskal, hain zuzen ere. Azken atalean ikusi genuenez, Joelle, Julian, Paskal, Lander, Esther eta Mireia belaontzian ibilaldia egitera atera ziren. Istripua izan zuten, eta orain Esther oso larri dago, ospitalean. Istripuaren errua egotziko dio Mireiak Paskali.
Hauek ez dira, baina, etxegaraitarrenean itxi gabe geratu diren kontu bakarrak; izan ere, amodioa pil-pilean utzi genuen etxeko gazteenen artean. Batetik, Alazne Unaxekin zoratuta dago; bestetik, euren arteko maitasuna ezinezkoa dela ikusita, Hodeik eta Taniak harreman berriei ekin diete. Dena dela, batak bestea ahaztea lortuko al dute? Aurrera egingo al du Hodeik Paolarekin hasitakoak? Eta zer gertatuko da Taniaren eta Endikaren artean?
Era berean, maitasuna eta amodioa ere ardatz nagusia izango da 'Goenkale'ko beste hainbat pertsonaiaren artean. Bere bizitzan atsedenaldia behar zuela ikusita, aldi baterako kanpora joatea erabaki zuen Kandidok azken ataletan. Aliziari agur esatean, ordea, bien artean antzinako sentimenduak azaleratu zirela ikusi genuen. Senar-emazte zoriontsuak izango al dira berriz ere edo une horretako zerbait besterik ez zen izan?
Arraldeko ertzain-etxera, gainera, bi ertzain ezagun itzuliko dira: Ibon eta Andoni. Bere garaian, Ibon atzerrian lan egitera joan zen Itxaso emaztearekin batera. Handik denbora batera, bikotea banandu eta Itxaso Arraldera bueltatu zen. Orain, ordea, Ibon ere herrian da berriz ere. Zer gertatuko da elkar ikusten dutenean? Benetan betiko bukatu al zen bien artekoa edo berriz piztuko al da maite-sugarra? Andoni Murua Arraldeko komisario ohia ere berriro ikusiko dugu ertzain-etxean. Nekaneren eta Kandidoren lagun oso ona izanik, bien arteko tentsioa baretzea lortuko al du?
Bi horienak ez dira 'Goenkale'n izango diren itzulera bakarrak. Izan ere, Sabin espetxetik aterako da eta Leonor Kubatik itzuliko da hurrengo denboraldian. Zertarako etorri da kubatarra?
Azkenik, urte hauetan guztietan Arraldeko hamaika istorio eta korapiloren lekuko izan den Boga taberna ere protagonista izango da azken denboraldi honetan. Ez ditu garai onenak biziko, baina Arraldeko bizilagun guztiak gogor borrokatuko dira horren alde.
Amodioz, desamodioz, traizioz, sorpresaz eta emozioz beteriko denboraldia izango dugu, honenbestez, astelehenero 'Goenkale'n.