Aurrerapena
Leo Arraldera itzuliko da, gaur gauean, 'Goenkale'n
Tania Etxegaraik amona hiltzeaz salatu zituen gurasoak azken atalean, eta horrek ekaitza sortuko du etxegaraitarren etxean.
Ekainean utzitako istorioei ekingo die 'Goenkale'k gaur gauean. Taniak gurasoak salatu zituen amona hiltzeaz, eta horrek Etxegarai familiakoen egoera nora eramango duen ikusiko dugu. Gainera, sorpresa bat ere izango dugu: Leonor ezustean Arraldera itzuliko da.
Leonor Al Wahid Arraldera itzuliko da Kubatik. Nelsonekin batera joana zen hara, eta haurra izan zuten, baina itzultzea erabaki du eta bakarrik etorri da, gainera. Zer gertatzen zaio? Zertara dator orain?
Bestetik, azken atalean, Taniak gurasoak salatu zituela ikusi genuen. Amona Amalia hil zutela kontatu zion Nekane ertzainburuari. Beraz, Nekanek Arantza eta Jagoba ertzain-etxera deituko ditu deklaratzera. Etxegaraitarren etxean ekaitza sortuko du egoera honek.
Itxasori ere sorpresa ederra emango dio Leonorrek, ez baitzuen bueltatzea espero. Hala ere, ondo hartuko du izeba Itxasok, Fatimak sortzen dizkion buruhausteen aurrean babesa beharko baitu; izan ere, Fatima Euskal Telebistako reality saio baterako hautatu dute, eta Itxasok ez du batere ondo hartu albistea.
Miranda familian ere atsekabeak dira nagusi. Paskalen belaontzian istripua izan ondoren, Esther oso larri dago, eta Mireiak Paskali egozten dio gertatutakoaren errua.
Aurreko denboraldian bezala, aldi berean izango da ikusgai 'Goenkale' zuzenean eitb.eus-en eta ETB1en, astelehenero, 22:25ean hasita.