Aurkezpena
'Goenkale fenomeno bat izango da beti'
A.A.
EiTB - Miramon
ETB1eko telesail arrakastatsuaren azken denboraldia aurkeztu dute EiTBren Donostiako egoitzan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
"Goenkale" telesailaren azken denboraldia gaur hasiko da ETB1en eta eitb.eus-en, eta azken denboraldi hau aurkezteko ekitaldia egin dute EiTBren Donostiako egoitzan, Miramonen. "'Goenkale' beti fenomeno bat" izango dela esanez agurtu dute Euskal Herriko telesail beteranoena.
Goenkaleko kalea deiturikoan izan dute zita ETB1eko telesaileko aktoreek eta arduradunek. Bertan izan dira Gorka Garcia, ETBko Programa eta Arte Zuzendaria; Iñaki Eizmendi, telesaila ekoitzi duen Pausoka etxeko zuzendaria; Maite Duque, gidoi koordinatzailea; Aitor Osa, zuzendaria; Cristina Bernal, produktorea, eta azken denboraldiko aktoreetako batzuk: Martxelo Rubio, Tessa Andonegi, Ainhoa Aierbe, Iñaki Perurena, Itziar Ituño, Mikel Aranburu, Naiara Arnedo, Pepi Aranburu, Tania de Roberto eta Iñigo Ortega.
Estatu mailan 21 urtez biziraun duen telesail bakarra izan da "Goenkale". Guztira 3.707 atal izango ditu eta, besteak beste, ikus-entzunezkoen munduko jende askorentzat eskola bikaina izan da. Gorka Garciak esan duenez, "fenomeno bat" izatea lortu du eta bere arrakasta "hurbilekoa, apala eta familia osoari zuzendutakoa izatean" egon da.
Pausoka etxearen partetik, Iñaki Eizmendi zuzendariak esan duenez, "belaunaldi baten emaitza" izan da telesail hau eta, amaitzera doanez, ez dela une gozoa aitortu du, baina eskerrak eman nahi izan dizkie ikusleei hainbeste urtetan proiektu honetan lan egin ahal izan dutelako.
Bertan lanean aritu diren aktoreei dagokionez, lantaldeak lortu duen familia giroa azpimarratu du Martxelo Rubiok (Kandido); urtez urte familia handitzen joan dela eta guztien artean oso harreman estua izan dutela adierazi du. Tessa Andonegik (Alizia), aldiz, kalean jendeak ematen dien maitasuna azpimarratu nahi izan du.
Hasierako Leonor
Ainhoa Aierbe (Leonor) gaur egun "Goenkale"n azaltzen den aurpegirik beteranoenetakoa da. Azken denboraldi honetan, "hasierako Leonor berreskuratu" nahi izan dutela jakinarazi du eta, gertaera tristeak grabatu behar izan badituzte ere, komedia kutsu bat ere izango duela denboraldi honek aurreratu du; batik bat, Tessa Andonegirekin izan dituen eszena batzuetan.