Itxi

22:25, ETB1en eta eitb.eus-en

Ertzaintza utziko du Kandidok, gaur gauean, 'Goenkale'n

EiTB

Maitasun kontuekin lotutako zalantzak izango dira nagusi telesailaren gaurko atalean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ertzaintza utziko du Kandidok gaur, 'Goenkale'n. Horrez gain, bai berak eta Aliziak, bai Paskalek eta Olaiak, zalantzak dituzte euren bikote harremanen inguruan.

Arraldeko hainbat bizilagunen bizitzak aldatzen ari dira, eta aldaketa horietara nola egokitu erabaki behar dute; Kandidok eta Aliziak, esaterako Ezkonduta egon dira eta hiru alaba dituzte, baina urteak eman dituzte bananduta, eta, ostera oheratu direnean, lotsa, zalantzak eta beldurra nagusitu dira. Ez dakite ongi egin duten eta berriz ere bikote modura bizitzea erabaki egokia den, edo sufrimendua ekarriko dien. Kandidok, gainera, beste buruhauste bat ere badu. Profesionalki aldaketa handia ematea erabaki du, eta Ertzaintza utziko duela jakinaraziko dio Nekaneri.

Pasio gauaren biharamuna pasatzen ari den beste bikote bat Paskal eta Olaia dira. Arantzaren nebak, ordea, zalantzak ditu oraindik: ez daki Olaiak benetan maite duen edo interesak dituelako dagoen berarekin. Beraz, mamuak uxatzeko, farmazia uztea erabakiko du Olaiak.

Bestetik, bere aita hiltzeagatik kartzelan egon ondoren, Sabin etxean dago berriz, eta eskuak zabalik hartuko dute Lupek eta Axunek. Lupek eta Sabinek bikote bizitza hasi ahal izango dute azkenean, baina Sabinek distantzia jarriko du bere eta emaztearen artean, lehengo gizon bera ez dela esanaz.

Etxegaraitarren etxean ere ez dago bakerik. Arantzaren infernua gero eta handiagoa da. Batetik, senarrak dibortzioa eskatu dio Izaskunekin jarraitu ahal izateko, eta, bestetik, Paskal Olaiarekin itzuli dela jakin du. Hori dela eta, inoiz baino amorru handiagoarekin egingo du bi emakumeen aurka. Badirudi bien aurkako gerra galtzen ari dela, oraingoz behintzat.

Hodeik ere ezin ditu bere barruko mamuak baretu. Gurasoek hil zuten amona Amaliari omenaldia egiteko erabili nahi du bere lan artistikoa, baina horretan ari dela, errudun sentituko da, gero eta gehiago, eta bere buruari balioa kentzen hasiko da.

Hori guztia gaur izango da ikusgai, 'Goenkale'n, 22:25etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)