Itxi

Aurrerapena

Tania da guztiaren errudun Arantzarentzat 'Goenkale'n

A.A.

EiTB

Beste askotan bezala, adoptatutako alabari egotziko dio Arantzak euren etxean gertatzen denaren errua. Bestetik, Itxasok Ibon bereganatzeko plana jarriko du martxan, Fatima eta Paolaren laguntzarekin.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Arantzaren eta Taniaren arteko aldea gero eta handiagoa da, "Goenkale" telesaileko gaurko atalean ikusiko dugunez. Etxegaraitarren amak alaba adoptatuari egotziko dio gertatzen den guztiaren errua, beste kasu batzuetan ere egin izan duen legez. Bestetik, umore puntua Itxasok jarriko du, Fatima eta Paolaren aholkuei jarraituz, Ibon bereganatzeko plan txoroa jarriko baitu martxan.

Hodeik etxetik irteteko beharra sentitzen du, eta, hori egin ahal izateko, lanean hastea erabaki du. Erabaki honek erabat haserretuko du Arantza, eta askotan egin duen bezala, Tania alaba adoptatuari egotziko dio gertatzen denaren errua, ama batek alaba bati sekula esango ez lizkiokeenak esanez.

Lanean hasteaz gainera, Hodei Endikari laguntzeko prest agertuko da. Izan ere, zalditegitik kanporatuko dute gaztea, zaldietako baten heriotzaren arduradun delako. Unaxek saldu zizkion pilulek eragin dute zaldiaren heriotza, eta honek Endika salatu du. Alazne errudun sentituko da gainera, Unaxek bera salbatzeko salatu duela Endika esango baitio.

Bestetik, Itxaso desesperatuta dabil; Ibon berreskuratzeko gero eta denbora gutxiago du. Fatimak eta Paolak lagundu nahi diote, baina zeinek baino zeinek aholku txoroagoak emango dizkiote. Halere, horietako bat martxan jarriko du azkenean, eta helburua ez lortzeaz gainera, beste arazo bat ekarriko dio.

Azkenik, Sabinok gertatzen zaiona kontatuko die Axuni eta Luperi. Kartzela infernua da, beste preso batek ez baitu bakean uzten. Axun semeari laguntzeko edozertarako gai izango da, baita Kandidori laguntza eskatzeko edo legez kanpoko zerbait egiteko ere.

Gaur, 22:20an izango da ikusgai 'Goenkale', eitb.eus-en eta ETB1en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)