Polemika
Eztabaida: Zer egingo zenuke zure bikotekidea lodituko balitz?
I.A.
Bere mutil-laguna lodituko balitz utzi egingo lukeela esan zuen Maitek aterpetxean, fisikoa oso garrantzitsua baita bere ustez. Janire haserretu egin zen, eta izugarrizko eztabaida sortu zen.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Sumendia piztu zen "Gu Ta Gutarrak"ekoen aterpetxean maitasun kontuez hitz egiten ari zirela. Maitek esan zuen bere mutil-laguna lodituko balitz utzi egingo lukeela, fisikoa oso garrantzitsua baita bere ustez. Gasteiztarrak esandakoak asko mindu zuen Janire, eta mahaitik alde egin zuen. Berarekin joan ziren Olatz eta Enara, eta Naomik ere alde egin zuen.
Maitek Irantzuri azaldu zioenez, arazoa ez da mutila gizen ala argal egotea, berak gustuko izatea baino. Halere, berari ez zaizkio pertsona lodiak gustatzen. Irantzuk ere ez zuen bere iritzia ulertzen.
Argi dago gainerako neskak ez direla ongi moldatzen Maiterekin, eta berak esandakoak eztabaida sortu zuen. Naomiri errespetu falta iruditu zitzaion Maitek Janireren aurrean esandakoa. Bilbotarra oso minduta zegoen gasteiztarrak esandakoarekin. Berarentzat oso gogorra da gaiaz hitz egitea, izan ere, berari hori gertatu zitzaion: loditu egin zen, eta bere mutil-lagunak utzi egin zuen.
Ondoren, Maite Janirerekin hitz egitera joan zen, arazoa konpontzeko asmoz. Janirek azaldu zion bere iritzia errespetatzen zuela, eta berari gertatutakoa kontatu zion. Bere iritziz, Maite ez da batere heldua, eta horregatik pentsatzen du horrela.
Biharamunean, Oierrekin eta Txurrurekin hitz egin zuen Maitek gertatutakoaz. Bere ustez, berarekin gaizki moldatzen direlako alde egin zuten neskek, ez berak esandakoak gogorregiak zirelako. Oierrek eta Txurruk gauza bera uste dute. Janire eta Enara gerturatu ziren, eta aurreko egunekoa gaizki ulertu bat izan zela erabaki zuten. Gertatutakoa ahazteko asmoa adierazi zuten guztiek.
Platoan Maitek azaldu du berak bere gorputza zaintzen duela, eta bera bezala zaintzen den bikotekide bat nahi duela bere alboan, kirolaria.
Janireri ez zaio Maite gustatzen, eta argi utzi du: Maiteri ez baldin bazaizkio pertsona lodiak gustatzen, berari ere ez zaizkio Maite bezalako pertsonak gustatzen.
Maiteren iritzia ulertzen duela adierazi du Txurruk. Bere ustez, gaizki azaldu zuen pentsatzen zuena, erabili zuen hizkera okerra izan zela pentsatzen du Txurruk.
Oierrek argitu duenez, berak ere Txurruren iritzi bera zuen hasieran. Halere, geroago gertatu diren gauzak direla eta, ulertzen du neskak Maiterekin haserre egotea. Bazterrak nahasten ibiltzen omen da.
Olatzek dio Maite gezurtia dela: begetarianoa dela esan omen zion. Maitek argitu duenez, begetarianoa da, baia ez guztiz begetarianoa, gauza batzuk jaten ditu.