Itxi

GU TA GUTARRAK

Nork hartuko du Edurneren tokia? Leirek ala Goizaldek?

L.A | EITB.EUS

EITB.EUS

Bi lehiakide berri sartu dira ostegunetako saioan: Leire gutar ohia eta Goizalde gutar berria. Dena dela, bietako batentzako tokia besterik ez dago; Edurnek utzitakoa, alegia.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Emozio kontrajarriez beteriko saioa izan da ostegun honetakoa 'Gu ta gutarrak'en. Alde batetik, Edurneri agur esan behar izan diote lehiakideek. Bestetik, bi lehiakide berriri ongietorria eman diete, Leireri eta Goizalderi, hain zuzen ere.

Une oso hunkigarria eta gogorra izan da gutarrentzat Edurneren agurra. Lau gutar zeuden arriskuan (Txurru, Leire, Iker eta Edurne), baina, lehen bozketa batean, Txurru salbatu dute. Bigarren bozketan, beraz, hiru zeuden saioa uzteko arriskuan: Leire, Iker eta Edurne. Azkenean, boto bateko aldearekin, Edurnek saioa utzi behar izan du.

Saioan zehar lasai egon den arren, azkenean ezin izan die negar-malkoei eutsi. Edurnek esandakoaren arabera, argi zeukan berak utziko zuela saioa. Irantzu eta Beitia faltan botako dituela eta esperientzia honekin gauza ugari ikasi duela esan du, besteak besteak, zoriontsu izaten.

Gutar batzuk badoaz, eta beste batzuk badatoz. Hori dela eta, Leire Martinez lehen edizioko gatza eta piper izandakoari eta Goizalde Gonzalez Lekeitioko gutar berriari harrera egin diete platoan. Bi hauek ate nagusitik aurreko saioan sartu ziren arren, ostegun honetatik aurrera hasiko dira gutar ofizial gisa. Leirek talde urdinean igaroko du asteburua, berak hala erabakita, jakina. Goizalde, hortaz, talde arrosan izango da.

Hala ere, kontu garrantzitsua dago tartean. Izan ere, arriskuan zeuden gutarren artean, Edurne bakarrik kanporatu dute; beraz, bi gutar hauetako bakar batentzako tokia besterik ez dago. Horrenbestez, bietako batek saioan jarraituko du, eta besteak, ordea, saioa utzi. Dena dela, momentuz biak joango dira aterpetxera eta aurrerago aukeratuko dute bata edo bestea geratzea.

Baina, zeinentzat izango da toki hori? Erantzuna, astelehenetik aurrera, 'Gu ta gutarrak' saioan.

Bideoak (3)

Informazio gehiago (1)